Familiei zuzendutako saioak maiatzaren 15ean eta 26an izango dira San Agustin Kulturunean

DURANGO | Durangoko Udalak, Kurutziaga Ikastolarekin eta Altxa Burua elkartearekin lankidetzan, pantailen erabilerak haurtzaroan eta nerabezaroan duen eragina aztertzeko bi hitzaldi antolatu ditu San Agustin Kulturunean. Ekimen honen helburu nagusia digitalizazioak hezkuntzan dakarren erronken inguruko informazio eguneratua eta tresna praktikoak eskaintzea da, herriko guraso zein hezitzaileei zuzenduta.
Lehenengo saioa, “Pantailen erabileraren eragina haurrengan” izenekoa, maiatzaren 15ean izango da, 17:30ean. Telmo Lazkano ikertzaileak eta Gregorio Montero psikiatrak pantailen erabilerak adingabeen osasun mentalean eta garapenean dituen ondorioak jorratuko dituzte. Hitzaldi hau euskaraz eta gaztelaniaz emango da.
Bigarren hitzaldia, “Hezkuntza, digitalizazioa eta etorkizuneko erronkak” izenburupean, maiatzaren 26an egingo da, 18:30ean. Saio honetan digitalizazioak hezkuntza sisteman duen pisua eta guraso zein irakasleentzako erronkak aztertuko dituzte Zigor Ibarzabalek (Ikastolen Elkartea), Aitor Uriondok (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), Alfonso Blazquezek (Kristau Eskola) eta Edurne Emasebalek (Altxa Burua). Saio hau euskaraz izango da.
Sarrera librea izango da lekuak bete arte. Parte-hartzea errazteko, antolatzaileek simul-itzulpen zerbitzua jarriko dute bertaratzen diren guztien irisgarritasuna bermatzeko.


