DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Osakidetzak eguzki-plakak jarri ditu Landakoko osasun-zentroan

Sistema horri esker, kontsumitzen den energiaren % 20-30 sortuko da.

Jarduera guztiak 1,4 milioiko inbertsioa izango du
Jarduera guztiak 1,4 milioiko inbertsioa izango du

DURANGO | Osakidetzak 1.538 plaka fotovoltaiko jarri ditu Euskadiko 27 osasun-zentrotan eta anbulatoriotan, energia berriztagarria sortzeko. Proiektu horri esker, eguzki-panelak kokatuko diren zentroetan kontsumituko den energiaren % 20-30 inguru sortuko dela uste da. Instalazio horien artean dago panelak jarri diren osasun-zentroa.

1,4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, eguzki-energian oinarritutako elektrizitatea sortzeko sistema hori ezartzea Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da. Osakidetzan energia-kontsumoak murriztera eta ekoizpen berriztagarria handitzera bideratutako ekimena da, eredu iraunkorrago baterantz aurrera egitea ahalbidetuz. Proiektu korporatibo honen helburua da zentroetako energia elektrikoaren eskaria partzialki autohornitzea eta distantzia handiko ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murriztea.

Proiektuaren fase horri ekiteko, Osakidetzak plaka horiek instalatzeko bideragarritasun-azterketa bat egin du, eta Bilbo-Basurtu, Barakaldo-Sestao, Barrualde-Galdakao, Urola Garaia eta Tolosaldea ESIetan ahalmen handiena duten 27zentro hautatu ditu, baita Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zentro bat ere.

Bilbo-Basurtu ESIan, 414 plaka jarriko dira 7 zentrotako estalkietan: Alonsotegi, Arangoiti, Basurto, Deustu, Errekalde, San Inazio eta Txurdinaga. Barakaldo-Sestao ESIan, berriz, 355 plaka jarriko dira 7 osasun-zentro eta anbulatoriotan: Zuazo, Markonzaga, Zaballa, Arrontegi, La Paz, Kueto eta Lutxana.

Horiez gain, 533 panel jarriko dira Barrualde-Galdakao ESIko 6 zentrotan: Amurrioko eta Etxebarriko osasun-zentroetan eta Basauri-Arizko, Durangoko eta Galdakaoko anbulatorioetan. Gainera, 212 plaka jarriko dira Bermeoko Ospitale Psikiatrikoan, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.

Era berean, Urola Garaiko ESIan 253 eguzki-plaka jarriko dira Zumarragako eta Legazpiko osasun-zentroetako estalkietan eta Beasaingo eta Azpeitiko anbulatorioetan; eta Tolosaldea ESIan 126 unitate jarriko dira Andoaingo eta Tolosako osasun-zentroetan.

Plakek sortutako energia instalatuta dauden zentro bakoitzak kontsumituko du, eta une jakin batzuetan sor daitekeen soberakina sarera isuriko da; ondoren, faktura elektrikoan konpentsatuko da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top