DOT Durangaldea

Mallabiak hilabeteko egitarau zabalarekin ospatuko du Emakumeen Nazioarteko Eguna

Egitarauaren ekitaldi nagusi gisa, martxoaren 8an, 12:15ean, elkarretaratzea egingo da Kontzejuzarrean

Mallabitik autobus zerbitzua eskainiko da ‘Lilatoia”ra joateko

MALLABIA | Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta harira, Mallabiko Udalak egitarau anitz bezain zabala antolatu du, berdintasunarekin duen konpromisoa berretsiz eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko bidean emakumeen eskubideen aldarrikapenarekin bat eginez.

Otsailaren 21etik martxoaren 21era bitartean luzatuko den programazioak bideo foruma, antzerkia eta hitzaldiak batuko ditu, emakumeen ikusgarritasuna eta ahalduntzea ardatz hartuta. Era berean, kirolak protagonismo berezia izango du aurten ere. Otsailaren 21ean, EH-ko Emakumezkoen Gomazko Paleta Elite txapelketako 3. jardunaldia jokatuko da herriko frontoian, eta otsailaren 22an Euskal Pilota Egokituko zirkuituak bi saio eskainiko ditu, adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonentzat. Otsailaren 28an, Emakumeen Binakako pilota txapelketa izango da ikusgai.

Bestalde, martxoaren 1ean, 36. Emakumezkoen lasterketa herrikoia “Lilatoia” egingo da Donostian, eta Mallabitik autobus zerbitzua eskainiko da parte hartu nahi dutenentzat. Egun berean, Kontzejuzarrean “La boda de Rosa” filmaren bideo foruma antolatuko da. Era berean, “mirada de una mujer palestina” pintura erakusketaren aurkezpena izango da Rouhifa Kassem-en eskutik, 12:00etan, Kontzejuzarrean eta martxoaren 15era bitarte izango da ikusgai. Martxoaren 6an, ostirala, 19:00etan, Emakumeen osasun eskolak izango da Kontzejuzarrean, eta saioan gaixotasun kardiobaskularrak, min kronikoak eta migrainak landuko dira.

Era berean, Mallabiko ikasleek beraientzat erreferente diren emakumeak landuko dituzte eskolan, eta lan hauek martxoaren 6an, 8an eta 15ean egongo dira ikusgai Kontzejuzarrean.

Martxoaren 8an egitarauko ekitaldi nagusiak eramango dira aurrera; alde batetik, kontzentrazioa egingo da Kontzejuzarrean. Ondoren, Adierazpen Instituzionala irakurriko da. Amaitzeko, 12:30ean, ‘In Crescendo’ klown ikuskizuna eskainiko da Kontzejuzarrean, helduentzat zuzenduta, gaztelaniaz emango dena. Programazioak martxoaren 15ean jarraituko du, “Menopausia versus andropausia/osteoporosia” hitzaldiarekin, eta martxoaren 20an EH-ko Emakumezkoen Gomazko Paleta Elite Txapelketaren finala jokatuko da, 19:00etan. Azkenik, martxoaren 21ean emango zaio amaiera programazioari, herriko frontoian jokatuko den frontenis txapelketa mistoarekin.

Mallabiko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu antolatutako jardueretan parte hartzera eta berdintasunaren aldeko konpromisoa egunerokoan ere praktikara eramatera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top