Adin guztietarako jarduerak izango dira, hala nola, mozorro lehiaketa, bazkari autogestionatua, musika emanaldiak edota ohiko txitxiburduntzia

MALLABIA | Inauteriak ate joka ditugu eta horren harira, Mallabiko Udalak, Jai Batzordearekin elkarlanean, egitarau anitz bezain zabala prestatu du herritar ororen gozamenerako. Otsailaren 22an hasita martxoaren 4a bitarte, inauterietako egitarauak adin guztietarako proposamenak jasotzen ditu, tradizioa bizirik mantentzeko eta jaietan herritarren parte- hartzea sustatzeko helburuarekin.
Inauteriak otsailaren 22an hasiko dira, parkean egingo den ohiko txitxiburduntziarekin; jarduera honetan, bertaratzen direnek beren txorizoa, ogia eta makila eraman beharko dituzte, eta Udalak, berriz, sua eta edaria emango die etxeko txikienei.
Otsailaren 27an, halaber, Mallabiko eskolako ikasleek Eguen Zuriren koplak abestuko dituzte herrian zehar egingo duten kalejiran. Eta martxoaren 1ean, larunbata, inauterietako mozorro-bazkari autogestionatua egingo da frontoian. Parte-hartzeko, ekintzaren izenak dioen moduan, ezinbestekoa izango da mozorrotzea. Arratsaldean, DJ TRACK-A- kek festa giroa jarriko du herriko kaleetan.
Martxoaren 4an, asteartea, Karnabal Eguna ospatuko da, adin guztietarako hainbat jarduerekin: Eriz magoaren magia ikuskizuna eskolan, txokolatada herriko frontoian eta jarraian, erromeria DJ Oihan Vegarekin. Egunari amaiera emateko, ohiko mozorro eta playback lehiaketa egingo da, kategoria desberdinetan mozorrorik onenak sarituz.
Gainera, martxoaren 5etik 8ra, A.D. Mallabia F.T.k antolatutako Tenis Txapelketa egingo da eskolan.
Mozorro lehiaketa
Ohiko moduan, haur, gazte zein helduek parte hartu ahal izango dute mozorro lehiaketan eta sari desberdinak banatuko dira, adinaren eta parte-hartzeko modalitatearen arabera. Lehiaketa honek parte-hartzaileen sormena eta ahalegina sarituko ditu, 30 eta 200 euro bitarteko sariekin.
12 urtetik beherakoentzat, hiru modalitate egongo dira:
- Banaka edo bikoteka: 60 eta 30 euroko
- Taldekakoa: lehen saria 120 eurokoa eta bigarrena 60
Sari hauek, truke txartel moduan jasoko dituzte, herriko denda zein tabernetan gastatzeko, baita Ermuko Maribel zein Ziripot liburudendetan edota eta Durangoko Hitz liburudendan gastatzeko.
12 urtetik gorakoentzat, hauek izango dira sariak:
- Banaka edo bikoteka: 100 eta 50
- Taldekakoa: lehen saria 200 eurokoa eta bigarrena 100
Horrez gain 60 euroko sari berezi bat egongo da birziklatutako arroparekin egindako mozorro onenarentzat.
Izen-emateak lehiaketaren egunean bertan egin ahal izango dira, herriko frontoian bertan, 16:30-17:00 bitartean. Aldez aurretik ere izena emateko aukera dago, liburutegian, martxoaren 3ra arte. Talde edo pertsona parte-hartzaile bakoitzak playback-erako abesti bakarra aurkeztu beharko du USB formatuan.