DOT Durangaldea

800 korrikalaritik gora larunbatean ‘Mañaritik Atxetara’ mendi lasterketan

Kafraga elkarteak antolatutako probak 13 kilometroko lasterketa berria eta 19 kilometroko mendi martxa estreinatuko ditu

Aurtengo hitzorduak 13 kilometroko lasterketa berria izango du

MAÑARIA | Datorren larunbatean, irailaren 19an, egingo da ‘Mañaritik Atxetara’ mendi lasterketaren hirugarren edizioa Mañarian. Antolatzaileek 800 parte-hartzaile baino gehiago espero dituzte guztira, lau lasterketetan eta mendi martxan banatuta. Kafraga elkarteak antolatzen du ekimena, Mañariko Udalaren eta hainbat enpresaren laguntzarekin.

Aurtengo hitzorduak 13 kilometroko lasterketa berria izango du berritasun nagusien artean. Proba hau Durangaldeko Koparen barruko lasterketa txikien Sugaar Koparako puntuagarria izango da.

Mendi martxak ere ibilbide berria estreinatuko du. Parte-hartzaileen eskaerei erantzunez, iazko 13 kilometroak luzatu eta 19 kilometroko ibilbidea prestatu dute (1.150 metroko desnibel positiboarekin). Ibilbide honek Atxarte, Pol-Pol eta Urkiolako beste hainbat gune zeharkatuko ditu.

Durangaldeko Kopa

Bestalde, 22 kilometroko lasterketa Mari Koparako puntuagarria izango da, Durangaldeko Koparen barruan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sailkapeneko bi liderrek ere parte hartuko dute proba horretan.

Eguneko distantzia luzeena 43 kilometroko lasterketa izango da, goizeko 08:00etan abiatuko dena. Lasterketaren antolaketan, guztira, 130 boluntariok parte hartuko dute.

‘Mañaritik Atxetara’ probak hazkunde nabarmena izan du azken urteetan, antolatzaileek Angurreta espazioan egindako aurkezpenean azaldu zutenez. Lehen edizioan 370 lagunek hartu zuten parte; iaz, 530ek; eta aurtengo edizioan 800dik gora izango dira. Emakumeen presentziak ere gora egin du, eta parte-hartzaileen %23 emakumeak izango dira.

Helduen probekin batera, haurrentzako lasterketak ere egingo dira. 3 eta 14 urte bitarteko umeei zuzendutako probetan 60 haur inguruk eman dute dagoeneko izena, iazko kopurua gaindituz.

Kirolaz haratago, egitarau zabala prestatu dute astebururako. Ostiralean, irailaren 18an, Barsanti konpainiaren ‘LJ75’ antzezlana izando da Mañariako plazan, 19:00etan.

Aurreko egunetan ere hainbat ekintza egin dira: joan den astean Silvia Triguerosen ‘Tor’ dokumentala eskaini zuten eta aurkezpen egunean mahai-inguru bat antolatu zuten Oihana Azkorbebeitia, Ainara Urrutia, Garazi Sampedro eta Ainhoa Lendinez mendi korrikalariekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top