‘Jaietako eromena: murgildu gozamenaren iturrian’, 21 proposamenen artean aukeratu dute
ELORRIO | Aurtengo Ferixa Nauskikoek badute kartela. Maite Blanco Urrejola elorriarra da diseinu honen egilea, eta edizio honetan aurkeztu diren 21 proposamenen artean aukeratu dute. Epaimahaiak, besteak beste, alderdi teknikoa eta berdintasun irizpideak hartu ditu kontuan. Horrela, 11. kartela Jaietako eromena: murgildu gozamenaren iturria izenekoa aurkezteko egokiena dela erabaki dute. Sarituak 500 euro jasoko ditu.
«Beti gustatu izan zait Iturrizoro iturria. Bertatik ura aterako balitz bezala, jaietako eta Elorrioko elementuak gehitu ditut, eta badirudi gustatu zaiela», nabarmendu du egileak. Bere kartelak herri-epaimahaiaren 81 boto jaso zituen, eta bigarren bozkatuena izan zen.
Aurten 752 lagunek eman dute botoa: 456k webgunearen bidez eta 296k Iturri Kultur Etxean. Era berean, inoiz baino kartel gehiago aurkeztu dira, digitalean aurkeztu den lehen aldia izan baita.