DOT Durangaldea

Lejardi eta Mugartegik markinarrak zesta-puntako munduko txapelketa absolutua irabazi dute

Pilotariek 15-9 eta 15-12 gainditu dituzte Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi Uruguaiko Colonia del Sacramenton jokatutako finalean

Arai Lejardi eta Erika Mugartegi

ZESTA-PUNTA | Arai Lejardi eta Erika Mugartegi markinarrek zesta-puntako munduko txapelketa absolutua irabazi dute bikoteka. Urriaren 20an, asteartean, Uruguaiko Colonia del Sacramentoko Real de San Carlos frontoi historikoan jokatutako finalean, 15-9 eta 15-12 irabazi zieten Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardiri, eta elkarrekin lortutako lehen munduko txapela absolutua eskuratu zuten.

Finala estua izan zen, bereziki bigarren jokoan. Lehenengoan nagusitasunez gailendu ondoren, Lejardi eta Mugartegi atzetik joan ziren bigarrenean, 6-7ko emaitzarekin. Amaierako txanpan, 13-12ko markagailua izan zuten aurkari, baina azken bi tantoak egin eta urrea ziurtatu zuten, berdinketa hausteko jokorik behar izan gabe.

Garaipenak balio berezia du, aurkariak 2022ko Biarritzeko munduko txapelketa absolutua irabazitakoak baitziren eta titulua defendatzen baitzuten. Oraingoan, ordea, markinarrek hartu diete lekukoa zesta-puntako emakumezkoen maila gorenean.

Nazioarteko ibilbide bikaina

Munduko txapelketa absolutuko urreak beste lorpen handi bat gehitu dio bi pilotarien ibilbideari. Lejardik eta Mugartegik elkarrekin irabazi zituzten 22 urtez azpiko munduko txapelketak ere: Mexikon, 2023an, 54 metroko frontoian, eta Iruñean, 2024an, 36 metrokoan. 2025ean, berriz, Gernikan jokatutako zesta-puntako Nazioen Liga irabazi zuten.

Bi pilotariek gaztetatik erakutsi dute maila handia. 2023ko martxoan, Erika Mugartegik 14 urte zituen eta Arai Lejardik 16, Durangoko Ezkurdi frontoian jokatutako lehen Women Winter Series txapelketa irabazi zutenean. Final hartan 650 ikusle inguru bildu ziren. Hiru urte geroago, nazioarteko eszenatoki batean lortu dute beste garaipen handi bat, oraindik hogei urte bete gabe.

Mugartegi aurrelaria da, eta Lejardi, berriz, atzelaria. Biek ala biek emakumezkoen zesta-puntaren etorkizunerako erreferente bihurtzeko bidea sendotu dute, maila gorenean lehiatu eta tituluak irabazita.

Munduko txapelketa

Garaipena Urriaren 15etik 24ra Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton jokatzen ari den Euskal Pilotako XX. Munduko Txapelketaren barruan iritsi da. 54 metroko zesta-puntako lehiaketak Uruguaiko hiria du egoitza, 1910ean inauguratutako Real de San Carlos frontoian. Nazioarteko hitzordu honetarako berreskuratu dute instalazioa, mende bat baino gehiagoko historia eta egungo zesta-puntaren maila uztartuz.

Bi pilotarien arrakastan ComexSoft enpresaren babesa ere dago. Donostian egoitza duen enpresa horrek kontsumo handiko produktuen fabrikatzaile eta banatzaileentzako adimen lehiakorreko plataforma garatzen du, eta Lejardi eta Mugartegiren kirol-ibilbidea babesten du.

Uruguaiko urrearekin, markinarrek beste mugarri bat ezarri dute emakumezkoen zesta-puntan, azken urteotan lortutako nazioarteko garaipenen zerrendari munduko txapelketa absolutua gehituta.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top