DOT Durangaldea

Leioak 500. urteurreneko oroitzapenak gordetzeko tupperrak jasotzeko azken egunak

2012 eta 2026 artean jaiotako adingabeak dituzten familiek urriaren 29an eta 30ean jaso ahal izango dituzte Pinosoloko Baserrian

Tupperrak jasotzeko azken aukerak urriaren 29an eta 30ean izango dira

LEIOA | Udalak gogorarazi du oraindik garaiz dela «Leioak altxor bat du» ekimenean parte hartzeko. Herriaren 500. urteurrenaren harira abiatutako ekimenak gaur egungo familien oroitzapenak bildu eta etorkizuneko belaunaldientzat gordetzea du helburu.

2012 eta 2026 artean jaiotako adingabeak dituzten familiek tupper bana jaso ahal izango dute, familia bakoitzeko bat. Barruan argazkiak, marrazkiak, mezuak eta etorkizuneko belaunaldiekin partekatu nahi dituzten bestelako oroitzapenak gorde ahal izango dituzte.

Tupperrak jasotzeko azken aukerak urriaren 29an eta 30ean izango dira, Pinosoloko Baserrian. Ostegunean, urriaren 29an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era banatuko dituzte; ostiralean, urriaren 30ean, berriz, 10:00etatik 13:00etara.

Urriaren 31n

Prestatutako tupperrak urriaren 31n, larunbatean, entregatu beharko dira, 9:00etatik 14:00etara, udaletxearen ondoko gunean. Lehen edukiontzia 12:00etan lurperatzea aurreikusi dute.

Goiz osoan zehar, gainera, dinamizazio-jarduerak eta irrati parte-hartzailea izango dira. Familiek 25 urte barru Leioan biziko direnei zuzendutako mezuak grabatu ahal izango dituzte. Grabazioak gainerako oroitzapenekin batera gordeko dituzte, etorkizunean berreskuratu ahal izateko.

Larunbatean tupperra entregatu ezin duten familiek beste aukera bat izango dute: Kultur Leioan utzi ahal izango dute aste honetan, urriaren 30era arte, ostiralera arte, zentroaren ohiko ordutegian.

Ekimenaren bidez, Leioak gaur egungo familien bizipenak, ahotsak eta oroitzapenak gordeko ditu, 2051n, 25 urte barru, berriro zabaltzeko eta etorkizuneko belaunaldiekin partekatzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top