Taberna Zarrak, La Despechadak, Barnebidek eta Traña-Matienako erretiratuen tabernak parte hartuko dute 2 euroko proposamenekin.
ABADIÑO | Abadiñoko Udalaren laguntzarekin, Jango Dot pintxo lehiaketa datorren astean iritsiko da Abadiñora, zehazki, ostegunean, hilak 23, eta igandean, hilak 26. Aurtengo edizioan, Taberna Zarra, La Despechada, Barnebide eta Traña-Matienako erretiratuen tabernak hartuko dute parte, askotariko proposamenekin, 2 euroko prezioan; ostegun eta ostiraletan 19:00etatik 22:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 15:00etara eta arratsaldean 19:00etatik 22:00etara.
Herri epaimahai bezala Abadiñoko pintxorik onenaren aukeraketan parte hartu nahi dutenek, parte hartzen duten establezimenduetan boto liburuxka hartu ahal izango dute. Ezinbestekoa izango da gutxienez hiru pintxo probatzea – eta dagokion establezimenduaren zigilua eskatzea –. Botoa ematen duten liburuxkak parte hartzen duten tabernetako hautestontzietan utzi ahal izango dira. Parte hartzen duten guztien artean Xiaomi kafe-makina zozketatuko da.
“Eskualdean tradizioa duen ekimena da, eta tokiko ostalaritza dinamizatzea du helburu. Gure udalerriko gastronomia bikaina ezagutaraztea eta sektoreko profesionalen lan ona azpimarratzea du helburu. Parte hartzera eta esperientzia honetaz gozatzera animatzen ditugu herritar guztiak. Biltzeko, irteteko, tarte atsegin bat pasatzeko eta miniaturazko sukaldaritza tradizionalaz gozatzeko aukera paregabea da “, azpimarratu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Lehiaketako pintxoak
TABERNA ZARRA
Lau Lau Lau
Bakailao tartaleta tomatean barazkiekin.
LA DESPECHADA
Little Italy
Fokakzia-ogia, hiru tomate desberdin, chimichurri, burrata-ukitua, tonnato-bitelezko saltsa solomo-buruarekin tenperatura baxuan eta pestoa.
BARNEBIDE
Kabia
Onddoz betetako patata-habia, tipula karamelizatuarekin eta urdaiazpiko kurruskariaren txirbilekin.
MATIENAKO JUBILATUEN TABERNA
Txiki francesinha
Portugalgo sandwich tradizionala, gazta, txorizoa, txistorra, txahal-xerra, ketchupa, ziapea eta etxeko saltsarekin, lasto-patatekin eta galeper-arrautzarekin.