DOT Durangaldea

Durangok Berbalagun programaren aldeko apustua indartu du

Udalak Berbalagun programa antolatu eta garatzeko lizitazioa abiatu du

Eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak irailaren 17ra arte aurkeztu daitezke

DURANGO | Durangoko Udalak Berbalagun programaren koordinazioa eta kudeaketa kontratatzeko lizitazioa atera du. Euskaren erabilera ikasteko gune formaletatik harago sustatzea eta herritarrei eguneroko egoeretan euskara praktikatzeko aukera berriak eskaintzea helburu duen ekimena da.

Lizitazioaren xedea Berbalagun programaren koordinazioa eta kudeaketa kontratatzeko baldintzak ezartzea da, prozedura irekiaren bidez. Zehazki, zerbitzuak Durangon programa antolatzea eta abian jartzea jasotzen du, 2026-2027 ikasturtean zehar, euskara-eskola eta euskaltegietako ingurune formaletik kalera eta eguneroko bizitzako beste esparru batzuetara eramateko helburuarekin.

Programaren helburu nagusia euskararekiko hizkuntza-ohitura positiboak sustatzea eta ezagutzatik erabilerarako jauzia erraztea da. Horrela, Berbalagunek, batetik, parte-hartzaileen euskara-maila hobetzen lagundu nahi du eta, bestetik, udalerrian euskararen presentzia eta erabilera areagotzen.

Gainera, Berbalagunek ibilbide zabala du Durangon. Durangaldeko AEK-k jarri zuen martxan programa 2003-2004 ikasturtean, Berbaro Elkartearen laguntzarekin, eta Durangoko Udalak hasieratik hartu du parte ekimenean. Orain, programaren 23. ikasturteari ekingo zaio.

Programaren funtzionamendua 5 eta 10 pertsona arteko taldeak osatzean oinarritzen da. Talde horiek bidelari —euskaldunberriak— eta bidelagun —euskaldunzaharrak— osatzen dituzte. Taldeek astean behin egiten dute bat, ordubetez edo ordu eta erdiz, euskaraz hitz egin eta praktikatzeko.

Asteko saio horiez gain, programak ikasturtean zehar osagarri diren hainbat jarduera ere jasotzen ditu, hala nola irteerak, bisita gidatuak, mintzodromoa, hitzaldiak edo tailerrak. Proposamen horiek euskararen erabilera-esparruak zabaltzen dituzte eta ahozko praktikak hainbat testuingurutan indartzea ahalbidetzen dute.

Orain arte, programaren jarraipena batzorde baten bidez egin izan da. Batzorde hori honako hauek osatu dute: Durangoko Udala, Durangoko Udal Euskaltegia, Durangaldeko AEK, Durangoko Hizkuntza Eskola, Berbaro Elkartea eta programaren dinamizazio eta koordinazioaz arduratzen den pertsona.

Halaber, Berbalagun Durangoko Udalaren AROA planean jasotako programetako bat da; plan horrek euskararen erabilera indartzeko hainbat neurri biltzen ditu. Horien artean dago Berbalagun bezalako programei jarraipena ematea, euskararen maila desberdinak dituzten pertsonei euskara praktikatzeko eta hitz egiteko aukerak eskaintzeko, aurreiritzi eta presiorik gabe.

Kontratuak 30.000 euroko aurrekontua du urteko, BEZa kanpo, eta bi urteko iraupena izango du. Eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea irailaren 17an amaituko da, 15:00etan. Eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak Durangoko Udalaren Kontratatzailearen Profilean aurkeztu ahal izango dira, www.durango.eus webgunean. Bertan, prozesuari buruzko informazio guztia ere eskuragarri dago.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top