Zelaietak ‘Irrati Kontroleko Ontzigintzako Modelismoa’ erakusketa jasoko du martxoaren 28ra bitarte

AMOREBIETA-ETXANO | Itsasontzi-modelismoa Amorebieta-Etxanora heldu da Irrati Kontroleko Ontzigintzako Modelismoa / Modelismo Naval Radiocontrol erakusketarekin. Bizkaiko Ontzigintzako Modelismo Elkarteak antolatuta, martxoaren 28ra bitarte, Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan eskalako itsasontzien bilduma ikusgai egongo da, guztiak erabat ibilgarriak.
Erakusketa honetan, bisitariek irrati-kontroleko itsasontzi mota ezberdinak ezagutu ahal izango dituzte: txalupak, yateak, aeroirristagailuak eta atoiontziak, besteak beste. Bertan, modelo komertzialak ez ezik, eskuz egindako piezak ere ikusgai egongo dira. Itsasontzi bakoitzak bere ezaugarri teknikoen deskribapen zehatza du; batzuek benetako modeloak erreproduzitzen dituzte, eta beste batzuk eraikitzaileen irudimenaren emaitza dira.
Erakusketako elementurik deigarrienetako bat da erakusgai dauden modelo guztiak erabat ibilgarriak direla. Argiak, soinuak, radarrak, sirenak, ke-efektuak eta ur-kanoiak ere badituzte, eta xehetasun eta errealismo maila handikoak dira. .
Erakusketa herritar guztientzat irekita egongo da, eta aukera paregabea izango da irrati-kontroleko itsasontzien mundua gertutik ezagutzeko. “Itsasoa, ingeniaritza txikia eta zehaztasunaren artea gustuko dutenentzat, hitzordu ezin hobea!”, animatu du Udalak.