Apirilaren 1etik ekainaren 30era, herritarrek udalerria hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte

AMOREBIETA-ETXANO | Apirilaren 1etik ekainaren 30era bitartean, herrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek, baita udalerrian egoitza duten elkarteek eta erakundeek ere, udal aurrekontuaren zati bat zertan erabili proposatu ahal izango dute.
Arkalaz! programaren baitan kokatzen den ekimen honek herritarren parte-hartze zuzena eta aktiboa bultzatu nahi du, Amorebieta-Etxanoko garapenarekin zerikusia duten erabakietan.
Prozesuak hiru fase ditu. Lehenengoa, proposamenak biltzekoa, hiru hilabetez egongo da zabalik. Aurkeztutako proposamenek udal eskumeneko gaiak jorratu behar dituzte eta zenbait irizpide bete: legezkoak izatea, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak, udalerri osoarentzat esanguratsuak eta etorkizunean ezohiko gasturik ez sortzea.
Proposamenak aurkezteko aukera desberdinak izango dituzte herritarrek; online, esteka honetan eskuragarri dagoen inprimakia edota aurrez aurre, udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo Zelaieta Zentroan.
Ez dira onartuko honako hauekin lotutako proposamenak: langile edo zerbitzuen kontratazioa, dirulaguntzak, bekak, zergen inguruko erabakiak edo Udalaren eskumenetik kanpo geratzen diren gaiak. Halaber, edukiz iraingarriak edo diskriminatzaileak diren proposamenak baztertu egingo dira.
Datozen urratsak
Behin lehen fasea itxita, prozesuaren bigarren fasea uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean garatuko da, eta udaleko sail desberdinek proposamenen ebaluazio teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa egingo dute. Irizpideak betetzen dituzten proposamenak azken fasera pasatuko dira, eta 2026ko udal aurrekontuan sartzeko lehentasuna izango dute.
Amorebieta-Etxanoko Udalak prozesu horretan modu aktiboan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, tokiko administrazioak gardentasunarekin, herritarren parte-hartzearekin eta garapen komunitarioarekin duen konpromisoa islatuz.