Goizeko 11.etatik aurrera jokatuko da Ezkurdi pilotalekuan

ESKU PILOTA| Emakumeen eskuz Binakako Txapelketa Nagusiak abiadura hartu du dagoeneko eta sailkapena asko argitu dezakeen jardunaldi bikoitza jokatuko da igande honetan Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Jaialdi bikaina izango da 11.30etatik aurrera jokatuko dena, eliteko bi partidez gain, promesen mailako beste bat ere izango baita egitarau bikain bat osatzeko.
Ezkurdikoak «aurkari zuzenen» arteko lehiak izango direla esan dezakegu, sailkapenean elkarren ondoan dauden bikoteak arituko baitira nor baino nor. Elitekoen lehen partidan Aldai-Arrillagak eta Zabaleta-Bertizek neurtuko dituzte indarrak. Bizkaitarra eta gipuzkoarra bigarren postuan dira oraintxe, jokatutako lau partidetatik hiru irabazita. Bikote nafarra, aldiz, hirugarren postuan da, jokatutako bi partidetan puntu bat lortuta. Bi aurrelari hauen arteko lehiak beti dira ikusgarriak eta Durangon ere ikuskizuna bermatua dago.
Sagardui-Gaminde eta Ruiz de Infante-Mendizabalek ere puntu bana dute, bigarrenek partida bat gehiago (3) jokatuta eta puntuak, hortaz, berebiziko garrantzia izan dezake lau onenetan sartzeko ikusten den borroka ezin orekatuagoan. Puntuek ez ezik, tanto bakoitza sekulako garrantzia hartzen ari da jardunaldiek aurrera egin ahala eta Durangon ere pilota bakoitza azkena balitz bezala borrokatu beharko dute pilotariek bigarren fasera jauzi egin nahi badute.



