Maximoak leunak izango dira, hogei gradu ingurukoak datozen egunetan
EGURALDIA | Datozen egunak ez dira egun eguzkitsu eta beroak izango, estreinatu berri den urtaroaren ezaugarri. Eguraldi goibelarekin jarraituko dugu, hodei askorekin, euri apur batzuekin oro har, eta hogei gradu inguruko tenperaturekin, gaur, ostirala, bihar eta igandean.
Ostirala, hobekuntza
Ostiralean ezegonkortasuna atzean utziko dugu. Goizaldean eta goizean goiz hodei asko agertuko dira, eta pixkanaka ostarteak zabalduko dira. Arratsaldean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Litekeena da egunaren lehen partean ipar partean euria egitea. Tenperatura maximoak zertxobait igoko dira. Ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haize nagusia.
Larunbata, ostarteak eta euri txikia
Larunbat goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Eguerditik aurrera, ipar-mendebaldeko haizeak indarra hartuko du, eta hortik aurrera hodeiak ugarituz joango dira. Ez da baztertzen prezipitazio txiki batzuk egitea arratsaldean eta gauean ipar partean. Hegoaldean hodeiak ez dira hain trinkoak izango, eta euri gutxi egingo du. Tenperaturak antzeko balioetan mantenduko dira.