Elurrak behera egingo du eta 1.000 metrotan kokatuko da larunbat arratsaldetik aurrera

EGURALDIA | Egun hauetako hegoaldeko haize bortitzek eguraldi nahasiagoa ekarriko dute. Martinho depresioak giro nahasiagoa ekarriko du astebururako, hego-ekialdetik mendebaldera eta ondoren iparraldera egingo duten haizeekin. Ondorioz, tenperaturak behera egingo du, elurra 1.000 metro inguruan kokatuko da eta ezegonkortasuna handiagoa izango da.
Ostirala, zaparrada batzuk
Ostiralaren hasieran zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu oraindik, zenbait lekutan mardulak. Goiza aurrera joan ahala atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira; eguerdi aldera giroa eguzkitsua izango da tarteka. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira berriro eta egunaren amaieran euritara joko du berriro zenbait lekutan. Hegoaldeko haizea ibiliko da, goizetik aurrera hego-mendebaldekoa nagusi. Tenperaturak berdintsu jarraituko du.

Larunbata, freskoagoa
Larunbataren lehenengo partean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, hodeiak ugariak izango dira eta han-hemenka zaparrada txikiak botako ditu. Arratsaldean haizea mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da eta barnealdean indarra galdu egingo du nabarmen. Hortik aurrera tenperaturak behera egingo du, elur-kota 1500 metrotik behera kokatuko da eta euria ugariago eta sarriago egingo du, batez ere kostaldean.