DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Gotzon Gomez eta Asun Elorriaga, lehendakari eta lehendakariorde berriak Gerediagan

Zuzendaritza Batzorde berria eta batzordeko karguak ere onartu dira

Zuzendaritza Batzorde berria eratu da

DURANGALDEA | Gerediaga Elkarteak igande honetan, maiatzak 25, Abadiñoko Gerediaga auzoko foru-zelaian urteroko Batzar Nagusia egin zuen. Bi urterik behin, zuzendaritza taldeko kideak berritzeko prozesua zabaltzen da, eta 60. urteurrenarekin batera, Zuzendaritza Batzorde berria eratu da. Batzar Nagusian, aho batez, Zuzendaritza Batzorde berria eta batzordeko karguak ere onartu dira.

Azken urteetako Zuzendaritza Batzordearekin alderatuta, lagun bik euren kabuz utzi dute parte-hartzea eta pertsona berri bat sartu da. Guztira, 9 lagunek osotutako Zuzendaritza izango da.

Azken 22 urteetan Gerediaga Elkarteko lehandakari izan den Nerea Mujikak eta azken urteetan diruzaina izan den Belen Bengoetxeak elkarteko zuzendaritza uzteko erabakia hartu eta ez zuten berrizte prozesura euren burua aurkeztu. Batzordeko kide berri modura, berriz, Abadiñoko Oihana Azkorbebeitia izan zen pertsona bakarra.

Batzar Nagusian onartutako ordezkaritza karguak honek izan dira:

Lehendakaria: Gotzon Gomez Barrenetxea

Lehendakariordea: Asun Elorriaga Albizu

Idazkaria: Aingeru Mimentza Sanchez

Diruzaina: Gemma Telletxe Kortabarria

Bokalak: Karmele Etxanagusia Atutxa, Mikel Agirregabiria, Goiuri Aldekoa-Otalora Txintxurreta, Olatz Plazaola Sopelana eta Oihana Azkorbebeitia Urizar.

“Emozionatuta”

Bi hamarkadatako ibilbidea laburbildu duen ikus-entzunezko baten ostean, “emozionatuta” hartu zuen atzo hitza Nerea Mujikak. Pozik doala azpimarratu zuen. 44 urterekin lehendakari sartu zela. Elkartea orduan, eta bera ere bai, ezberdinak zirela aitortuta, elkarterako kudeatzaile bat izateak zentzu askotan zein aurrerapausoa izan dan gogoratu nahi izan zuen.

Urte guzti hauetan Gerediagan ezagutu dituen ikerlari eta historialariak eta bidelagunak eskertu zituen eurekin batera “ikasteko eta Durangaldearen alde lan egiteko aukera ematearren”. Gerediaga Elkartearen ageriko aurpegia bera izan arren, talde handi bat izan duela lagun, eta oso eskertuta agurtu zen atzo Nerea.

Gotzon Gomez Barrenetxea eta Asun Elorriaga Albizu izango dira aurrerantzean elkarteko ordezkari nagusi.

Gotzon Gomez durangarra da. 1970. urtean jaiota, Deustuko unibertsitatean filologia ikasi zuen. Gero, Durangoko Jesuitak ikastetxean eman ditu 30 urte baino gehiago euskara eta literatura irakasle modura. Gotzon, Durangoko Errugbi Taldeko kide modura ere ezaguna da herrian. Bertan jokalari eta entrenatzaile ibilitakoa da. Kirol taldean euskara arduraduna ere izan da 30 urtez. Gerediaga Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea izan da azken 8 urteetan eta Deustuko unibertsitatean bere irakasle izan zen Nerea Mujikak animatuta gerturatu zen.

Gotzon Gomezek ere hartu zuen atzo hitza elkarteko lehendakari izendatutakoan. Txikitatik euskararekiko maitasuna transmititu zioten ama eta aitarentzat izan zituen lehenengo berbak. Baina, batez ere, irakasle izandako Koldo Isusi, Gerediaga elkarteko sortzaile ere izan zen Koldo Alzibar eta Bego Urizar eskertu zituen.

Asun Elorriaga orain arte Gerediaga Elkarteko idazkari izan dena, orain, lehandakariordea izango da. Gotzon Gomezekin batera elkartearen ordezkaritza izango du. 1958an jaio zen Muxikako Maume auzoan. Bartzelonako unibertsitatean ikasi zuen filologia eta Hizkuntza eskoletako irakasle izan zen, tartean Durangoko hizkuntza eskolako zuzendari ere bai, jubilatu arte. Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kide 2012tik da eta idazkari lanak bete ditu ordutik.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top