Ordu eta erdiko bisita gidatua gehienez 25 laguneko taldeentzat eta izena eman beharko da
DURANGO | Gerediaga Elkartearen helburuetako bat Durangaldearen ondarea -materiala zein ez-materiala- eta historia ezagutaraztea da. Hainbat ekitaldi antolatu ditu horretarako eta bisita gidatuak nabarmentzen dira. Elkartea taldeentzako bisiten katalogo bat prestatzen ari da, eskualdeko udalerri bakoitzak gutxienez bisita bat izan dezan. Oraingoz, Gerediagak Durango, Iurreta, Garai, Elorrio eta Otxandiora bisitak eskaintzen ditu.
Bisita gidatuak gehienez 25 laguneko taldeentzat eskaintzen dira, eta gutxi gorabehera ordu eta erdikoak dira. Herri bakoitzeko tokirik esanguratsuenak bisitatzen dira eta haien historia eta ondarea sakontzen da.
Aire zabaleko eskulturak
Apirilaren 20 eta 21ean Durangoko Udalak antolatuko duen Plazara ekimena aprobetxatuz, Gerediaga Elkarteak bisita gidatu berria aurkeztuko du: Durangoko kaleetan zehar ibilaldi bat aire zabalean jarritako eskulturak ezagutarazteko.
Bi bisita izango dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Ezkurdi plazako iturritik abiatuta, ibilbidean zehar zazpi eskultura bisitatuko dira, baina herrian dauden beste hainbeste ere aipatuko dira. Besteak beste, Vicente Larrea, Nestor Basterretxea, Jesus Jauregi edo Imanol Marrodanen lanak dira.
Bisita doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da: gerediaga@gerediaga.eus/946818066
Bisita euskaraz izango da goizeko 10:30etan eta gaztelaniazkoa 12:30etan.
Bigarren urtez jarraian, Gerediaga Elkarteak hitzarmena sinatu du Durangoko turismo bulegoarekin udaberri-udako kanpainan bisita gidatuak eskaintzeko. Guztira, 27 bisita tematiko eskainiko dira, turismo-bulegoan zuzenean kudeatuko direnak.
Bestalde, Durangoko Udaleko Immigrazio Sailarekin batera, migratzaileei zuzendutako bisita bat diseinatu da. Bertan, udalerriko zerbitzuek non dauden eta zer eskaintzen duten azalduko da, Durangoko historiari, ondareari eta kulturari buruzko apunteekin batera. Lehenengo bisita apirilaren 27an izango da eta ekainean, urrian eta abenduan beste hiru bisita izango dira.