DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Erakusketak, hitzaldiak eta kultura-jarduerak izango dira Zornotzan martxoaren 8a aldarrikatzeko

Ekintza egitarau zabala antolatu du Udalak berdintasunarekiko duen konprosimoa indartuz

Jon Artabe, Ainhoa Salterain eta Alicia Hernández.

AMOREBIETA-ETXANO | Egun gutxi barru Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu, genero-berdintasunaren aldeko aldarrikapena gizarteratzeko eta udalerriak emakumeen eskubideekiko duen konpromisoa indartzeko. Hala, egitarauak erakusketak, hitzaldiak, zinema-saioak, topaketak eta aisialdi zein kultura-jarduerak jasotzen ditu, besteak beste, berdintasunean oinarritutako gizarte bidezkoago bat eraikitzeko bidean, herritarren parte-hartze aktiboa eta hausnarketa sustatzeko.

“Martxoaren 8a ez da egutegian agertzen den data bat soilik. Aitzitik, orain arteko urratsak aitortzeko ez ezik, oraindik ere gainditu beharreko erronkez jabetzeko ezinbesteko hitzordua da. Emakumeek historian zehar egin duten borrokari ikusgarritasuna emateko eta berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboa sendotzeko eguna da. Izan ere, berdintasuna ez da etorkizun batean gauzatu beharreko helburu bat, baizik eta gure gizartearen arlo orotan, egunero eta etenik gabe, islatu beharreko errealitate ukaezina”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

M8-ko programazioari dagokionez, otsailaren 24an ekin zitzaion egitarauari, Skolastikak antolatutako Emakumeak euskal komikigintzan erakusketarekin. Erakusketa honek emakumeek komikigintzan izan duten trataera aztertzea eta euskal emakume komikigileen izenak, lanak eta ekarpenak berresturatu edota plazaratzea du helburu. Horretarako, erakusketak 11 panel, bideo bat eta hainbat egileen lanak jasotzen ditu, bi txoko desberdinetan banatuta; hausnarketarako txokoa batetik eta euskal emakume komikigileen izenak eta lanak gizarteratzeko espazio historikoa, bestetik. Bilduma hau ikusgai egongo da Zelaietako erakusketa gelan, martxoaren 9ra arte. Horrez gain, liburutegian emakume komikilarien txoko berezi bat egongo da.

Bestalde, martxoaren 1ean, 12:00etan, Panpinak Aitorrentzat haurrentzako ipuin-kontaketa eskainiko da udal liburutegian, etxeko txikienei haurtzarotik berdintasunaren eta errespetuaren balioak transmititzeko helburuarekin. Martxoaren 5ean, 18:30ean, Amorebieta-Etxanoko emakume musikarien solasaldia izeneko mahai-ingurua egingo da Zelaietan, emakumeek tokiko musika eszenan izan duten presentzia eta ibilbidea aztertzeko. Era berean, martxoaren 7an, 19:00etan, Josune Muñozek Zahartzaro berriak hitzaldia eskainiko du liburutegian.

Elkarretaratzea

Martxoaren 8an izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak. Goizeko 10:00etatik 15:00etara, XXVII. Emakume Artisau eta Nekazarien Azoka izango da Zelaieta parkean, emakumeek sektore horietan duten garrantzia eta egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. Eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea eta adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo dira Herriko Plazan, eta 13:00etan, aldiz, Marixelarre sariak banatuko dira Zelaieta parkean. Sari hau Alaiak koralari emango zaio, Amorebieta-Etxanoko kultur-bizitzan egindako ibilbide eta ekarpena aitortzeko.

Egun osoan zehar, halaber, haur, gazte zein familiei zuzendutako ekintzak egongo dira. Ludoteka familian programaren baitan, eskulan-tailerrak izango dira Zelaietan bi txandatan: 10:30etik 12:00etara lehena eta 12:00etatik 13:30era bigarrena (aurrez izena emanda). Arratsaldean, 17:00etatik 21:30era, Gaztetxokoan gazteei zuzendutako martxoaren 8ari buruzko eskulan-tailerra egingo da eta 20:00etatik 22:30era, Gaueroaktion Txapel Laster feminista ospatuko da. Jardunaldiari amaiera emateko, 20:00etan, Emakumeak Oroituz kontzertua eskainiko du Zornotzako Musika Bandak Zornotza Aretoan.

Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak elkarte feministek deituko dituzten manifestazio eta ekintza guztiak babesten ditu eta hauetara joateko gonbita egiten die herritarrei.

Azkenik, martxoaren 11n, egitarauari amaiera emateko, 19:00etan “Las Novias del Sur” filma eskainiko da Zornotza Aretoan, eta hau amaitzean, zuzendariekin solasaldia egingo da. Horrez gain, emakumeen errealitatearen inguruan hausnarketa berriak sortzeko asmoz, “Komando Marmitako”, “Dena Asmatuta Dago” eta Pomo D’Oro film laburrak ere izango dira ikusgai.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top