Emakumeen testigantzak oinarri hartuta, 1936ko gerrari eskainitako komiki sorta zabal bat abiatu du Bizkai marrazkilari elorriarrak

ELORRIO | “Emakumeon memoria 1937, Intxortatik Artxandara” deitzen da proiektu osoa, eta, aurreikusita dutenez, hainbat urte beharko dituzte osorik burutu ahal izateko. Lehen urratsa eman dute oraingoz argitara. 1937ko apirilean Elgetan (Gipuzkoa) matxinatuek egindako bortxaketen eta hilketen kontakizuna bildu dute Elgeta izeneko komikian, eta hurrengo lanekin aurrera jarraitzea da orain haren asmoa, Elorrio izanik bigarren kokalekua.
Oroimen historikoa berreskuratzeko ariketan oinarritzen da proiektua, ezinbestekoa justizia, erreparazioa eta aitortza lortu ahal izateko. Zehazki, 1937ko martxoaren 31tik 1937ko ekainaren 19ra bitartean jazotako ofentsibak kontatu nahi dituzte komikien bidez, krudelkeria haiek bizi zituzten emakumeen testigantzetan oinarrituta.
Hala, komiki-sortaren lehen atala ostiral honetan aurkeztuko dute Elorrion, Iturri Kultur Etxean, 11:00etan.