DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Elorriok DRT gainditu du Euskal Ligako derbian

Elorriarrek 55-12 irabazi zuten San Roken

Derbia elorriarrentzat. ARGAZKIA: Elorrio Rugby Taldea.

ERRUGBIA | Elorrio Rugby Taldeak faboritoaren papera bete zuen eta Durango Rugby Taldeari irabazi zion joan den larunbatean San Roken jokatutako derbian. Parekotasunak markatutako lehen zati baten ondoren, etxekoek aldea zabaldu zuten markagailuan nagusitasunez nagusitzeko. “Lehen zatia zugandik zugana jokatu genuen eta norgehiagoka polita izan zen. Bigarren zatian asko galdu genuen, baina uste dut emaitza bikaina izan zela berdegunean ikusitakoarentzat “, aitortu du Dani ‘Burro’ Rodriguezek, talde durangarraren entrenatzaileak.

DRT 9. postuan jarri da sailkapenean 4 garaipen eta 12 porrotekin; asteburu honetan Bilboko Unibertsitatearen bisita jasoko dute (larunbatean, 16:00etan, Arripausueta). Bestalde, garaipen honekin Elorrio Rugby Taldeak lidergoan jarraitzen du 15 garaipenekin eta porrot bakarrarekin. Asteburu honetan Getxoren aurka neurtuko dira Faduran (larunbatean 16:30ean). “Lehen zatia ez zen batere erraza izan, atsedenaldira oso estu joan baikinen. Bigarren zatian, entrenatutakoa praktikan jartzen eta gure sistemarekin jarraitzen hasi ginen, eta hor hasi ginen aldea markatzen. DRTk oso zail jarri zigun”, adierazi zuen Iker Txitxarro talde elorriarreko entrenatzaileak.

Maila berean, Zornotza Rugby Taldeak 3-22 galdu zuen Manditarrak taldearen aurka Larrean. Asteburu honetan zornotzarrek Kanpanzar Arrasate bisitatuko dute (larunbatean, 16:30ean, Mojategi)

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top