DOT Durangaldea

Eingo, Gozategi eta Kittu taldeek joko dute asteburu honetan Etxano jaietan

Hiru eguneko egitarau osatua prestatu dute, tradizioa, musika, kirola eta gastronomia uztartuz

Eingo taldeak barikuan joko du

AMOREBIETA-ETXANO | Abuztuaren 14tik 16ra bitartean, jai giroaz beteko da berriro Etxano. Hiru egunez, auzotarrek zein bisitariek Etxanoko Jai Batzordeak eta Etxanoko Andra Mari Berri Elkarteak antolatutako jarduerez gozatzeko aukera izango dute, tradizioa, musika eta adin guztientzako ekitaldiak elkarlanean jartzen dituen egitarauarekin.

Festei hasiera emateko, abuztuaren 14an, ostirala, txupinazoa botako da 17:00etan, Etxanoko erraldoiekin, Txilin eta Ur Zezenarekin lagunduta. Arratsaldean zehar, umeentzako puzgarriak eta jolasak egongo dira, mus txapelketa (18:00etan) eta tortilla txapelketaren aurkezpena (20:30ean). Gaua borobiltzeko, KITTU taldearekin erromeria izango da 22:30etik aurrera.

Abuztuaren 15ean, meza tradizionalarekin (11:00) eta pilota jaialdiarekin ekingo dio egunari, Zornotzako Otxotearen kantuekin batera. 14:30ean herri bazkaria egingo da, eta arratsaldean aitite-amamei omenaldia eskainiko zaie Etxanoko dantza taldearekin (17:00). Ondoren, EINGO taldearen eskutik dantza-kanta saioa egongo da eta EKOTALOREren talo gozoak dastatu ahal izango dira. Egunari amaiera emateko, bertso saio azpimarragarria antolatu da 22:00etan, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariekin, umeentzako zinemarekin batera eskola eremuan.

Azken egunean, abuztuaren 16an, goizeko 09:30ean Xeberren Omenezko Mendi Martxak irekiko du jardunaldia, eta 12:00etan Artzain txakurren lehiaketa ospatuko da. Arratsaldean haurrentzako marrazki lehiaketa, bizikleta eta Molto gynkana, Zirkozaurreren “Ardatzak” antzerkia (18:00) eta hirukoteen arteko briska txapelketa egongo dira. Jaiak agurtzeko, parrillada herrikoia (20:00), Gozategiren kontzertua (22:00), txokolatada eta Txorimaloari Agurra egingo zaio 2026ko edizioari amaiera emateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top