Mankomunitateko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du gaur arratsaldean

BERRIZ | EAJ Durangaldeak agerraldia egin du gaur goizean Berrizko Marino Lejarreta belodromoan, instalazioa berritzeko eta estaltzeko obrak “guztiz geldituta” daudela salatzeko eta lanak berehala abiarazteko eskatzeko. Eskualdeko alkate eta kargu jeltzaleekin batera, txirrindularitzaren munduko aurpegi ezagunak egon dira babesa ematen, hala nola Marino Lejarreta bera, Iban Mayo eta Igor Antón txirrindulari ohiak, eta Raúl Mena Durangaldeko Belodromoko Kirol Klubeko presidentea.
Proiektuak hiru fase ditu eta 6,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira. Orlan Isoird Berrizko alkateak azaldu duenez, lehenengo fasea da premiazkoena (3,5 milioi eurokoa), egitura estali eta birgaitzea dakarrelako: “Behin hori eginda, gainontzeko lanei ekiteko sinergiak sortuko dira”.
Fase hori finantzatzeko 3 milioi euro bermatuta daude jada Mankomunitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean, eta jeltzaleek proposatu dute falta diren 500.000 euroak eskualdeko diru-geldikinarekin estaltzea. Bigarren eta hirugarren faseetan barruko guneak egokituko lirateke eta lehiaketa ofizialetarako egurrezko pista homologatua jarriko litzateke.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi du mozio bat defendatuko dutela gaur arratsaldean Durangaldeko Mankomunitateko osoko bilkuran, obren lizitazioa “lehenbailehen” abia dadin. EAJren ustez, EH Bilduk zuzentzen duen gobernu taldeak ez du egitasmoa bultzatu azken urteetan, eta jarrera horrek arrisku larrian jartzen du Aldundiak emandako 1,5 milioi euroko laguntza.
Ekitaldian, Raúl Menak instalazioa pairatzen ari den narriadura kezkagarria deitoratu du, eta Marino Lejarretak gogorarazi du neguko hilabeteetan entrenatzen jarraitu ahal izateko ezinbestekoa dela belodromo estali bat izatea.


