Musika-gune historikoa erreferentziazko zentro bihurtuko da, milioi bat euroko inbertsioaren bidez

DURANGO | Durangoko Udala Plateruena Musika Aterpea proiektu kulturala gauzatzeko lanean ari da, Plateruenaren eraldaketa integrala abiapuntu hartuta. Asmo handiko ekimen honek antzinako antzokia musika sortzeko, prestatzeko eta ekoizteko espazio aitzindari bihurtuko du.
Egitasmoa udalaren estrategia kulturalaren baitan kokatzen da, helburu bikoitzarekin: Durangoko nortasun kulturala indartzea eta udalerria Bizkaiko kultura-erreferente bihurtzea. Duela gutxi egindako bilera estrategiko batean parte hartu zuten Leixuri Arrizabalaga Arruza, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, eta Begoña de Ibarra Zuazo, Kultura zuzendari nagusia, Udaleko ordezkariekin batera.
Erakundeen arteko lankidetza eta herritarren inplikazioa funtsezkoak izango dira espazio berriari forma emateko: inklusiboa, jasangarria eta eraldatzailea izatea da helburua.
Obrak 2025eko Durangoko Azokaren ostean hastea aurreikusten da, eta 2026an zehar garatzea, guztira milioi bat euroko inbertsioa aurreikusita. Datozen asteetan aurkeztuko da instalazioak berritzeko proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiak jada adierazi dio bere konpromisoa Durangoko Udal Gobernuari, proiektuaren garapenean parte hartzeko prestutasuna berretsiz.
Apustua
Plateruena Musika Aterpea talentu gaztea eta tokikoa sustatzeko sortu da, euskara hizkuntza sortzaile gisa indartzeko, euskal musika-ondarea berreskuratzeko eta berrikuntza zein ikaskuntza etengabeko ingurune bat sortzeko helburuarekin. Herritar guztientzako zentro irekia izango da, eta programazio dinamiko eta parte-hartzailea eskainiko du, prestakuntza, egoitza artistikoak, kontzertuak, jaialdiak eta musika elektronikoko saioak barne.
Agertoki berri horretan jarriko da abian “Ezagutza-Eskola” prestakuntza-programa, musikarien eta sortzaileen prestakuntza-beharrei ikaskuntza- eta profesionalizazio-maila desberdinetan erantzuteko diseinatutako ekimena. Programak hiru formatutako ikastaroak eskainiko ditu: 36 orduko hiruhileko ikastaroak, prestakuntza sakona eta jarraitua bilatzen dutenentzat; 8 orduko hileko ikastaroak, ezagutza espezifikoak formatu malguagoan eskuratzeko; eta 3 orduko masterclassak, teknika zehatzak hobetu edo sormen-tresna berriak esploratu nahi dituzten musika arloko profesionalentzat.
Edukiak hainbat ikasketa-mailatara egokituta egongo dira, eta gai anitz jorratuko dituzte, besteak beste: musika-konponketak, soinu-bilaketa, estudio edo zuzeneko soinu-teknika aurreratuak, jabetza intelektuala eta artistentzako komunikazio estrategiak.
Proiektuak, horrez gain, tokiko eta nazioarteko musikarientzako egonaldi artistikoak jasotzen ditu, erabat hornitutako entsegu-aretoak, sorkuntza-lehiaketak, Gazteria Sailarekin elkarlanean sortutako sormen-laborategiak eta musika-ikerketarako bi urteko beka, ospe handiko erakunde akademikoekin lankidetzan garatuko dena.
Plateruenak formatu eta eskala desberdinetako ekitaldiak hartuko ditu: inpaktu handiko kontzertuetatik hasi, eta tokiko taldeekin hurbiltasuneko emanaldiak egiteraino. Programazioak, gainera, jaialdi tematikoak eta house, techno edo drum’n’bass bezalako genero elektronikoei eskainitako klub saioak ere jasoko ditu.
Inklusioarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa programazio artistikoaren irizpideetan bertan islatuko da. Parte hartuko duten taldeetako gutxienez %50ek euskaraz abestu beharko dute, %33 artista 35 urtetik beherakoa izango da, eta beste %33 emakumezkoen ordezkaritzari dagokio. Ehuneko horiek guztiek kultura plural, gazte, parekide eta lurraldean errotu baten aldeko apustu irmoa islatzen dute, tokiko identitatea eta aniztasuna balioan jarriz.
Modernoa eta jasangarria
Plateruena Musika Aterpea espazio moderno, irisgarri eta jasangarria izango da, eraikinaren eraldaketa tekniko sakonari esker. Obrek eszenatokiaren eraberritze osoa jasoko dute, arrapala irisgarria barne, eta komun publiko berriak ere jarriko dira kanpoaldean. Tabernako barra berrantolatuko da, zoladura eta argiztapen sistema berriekin, eta hiru teloi motorizatu instalatuko dira, espazioa formatu eta ekitaldi desberdinetara egokitu ahal izateko.
Solairuartea osorik eraberrituko da, prestakuntza-gelak, kudeaketa-bulegoak eta musika-sorkuntzarako espazioak hartzeko. Sotoa ere berrantolatuko da, kamerino berriak eta biltegi tekniko bat izateko. Horrez gain, fatxadan, sarrera nagusian eta barneko akaberetan esku hartuko da, margoketa-lanak eta eraikinaren azpiegitura orokorra hobetuz. Espazioak, gainera, ikus-entzunezko ekipamendu modernoa izango du: audio, argiztapen, proiekzio eta streaming sistemak barne. Esku-hartze guztiak egungo araudiak betez egingo dira, irisgarritasunari, aireztapenari, klimatizazioari eta suteen aurkako babesari dagokienez.
Osagarri gisa, Landako Guneko sotoan dauden entsegu-aretoak eguneratzea ere aurreikusten da, zentro berriaren eskaintza artistikoa osatzeko eta tokiko sormen-ekosistema indartzeko helburuarekin.