1937ko bonbardaketaren 88. urteurrenaren baitan programatutako emanaldia Zugaza Zineman eskainiko da 19:00etan

DURANGO | 1937ko martxoaren 31n Durangok jasan zuen bonbardaketaren 88. urteurrenaren baitan, Udalak ekimen sorta bat antolatu du herriko memoria historikoa gordetzeko eta herritarren artean modu eskuragarri, parte-hartzaile eta eguneratuan hurbiltzeko asmoz. Horietako bat, ostegunean, martxoaren 27an, arratsaldeko 19:00etan, Zugaza zinema aretoan eskainiko den “Durangoko emakumeen kartzela: Herri baten oroimena” dokumentala izango da, Durangoko emakumeen kartzelaren historiaren bidez, herriko memoria nabarmentzen duen lana.
Sarrera doakoa eta zenbakiduna izango da, eta aldez aurretik Zugaza zinema aretoaren leihatilan jasotzeko aukera egongo da betiko ordutegian.
Bonbardaketaren ibilbidea 360º
Horrez gain, herritarrek jada Bonbardaketa 360º birtualeko ibilbidea egiteko aukera dute. Proposamen honek bonbardaketaren ondorioak bizitzea ahalbidetzen du, hiriko hainbat lekutan oraindik ikus daitezkeen aztarnak jasotzen ditu, eta 1937ko martxoaren 31ko gertakariak Durangoko gizartean izan zuen eragina hobeto ulertzen lagunduko du.