Dagoeneko sei María Moliner sari eskuratu ditu, eta, 2024an jasotako 10.000 euroko sari berezia gehituta, zazpi aitortza ditu guztira

DURANGO | Bizenta Mogel Bibliotekak beste behin jaso du irakurzaletasuna sustatzeko egiten duen lanaren aitortza. Udal liburutegia Kultura Ministerioak Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin (FEMP) elkarlanean antolatutako 2026ko XXVI. María Moliner sarietan saritu dute. 2.777 euroko saria jaso du, eta diru hori liburu eta argitalpen berriak erosteko erabiliko da, liburutegiko bibliografia-funtsa aberasteko eta herritarren eskura dauden kultura-baliabideak zabaltzeko.
Aurtengo aitortza 2025ean “Lectura sin barreras: tejiendo comunidad desde la biblioteca” proiektuagatik jasotako sariari gehitu zaio. Horrez gain, 2024an 10.000 euroko sari berezia eskuratu zuen, Estatu osoko hamar liburutegiri baino ez zietena eman. 2026ko aitortzarekin, Bizenta Mogel Bibliotekak seigarren aldiz jaso du María Moliner Irakurzaletasuna Sustatzeko Kanpainako saria, eta, 2024ko sari berezia gehituta, zazpi aitortza ditu guztira.
Urte hauetan jasotako aitortzek agerian uzten dute Bizenta Mogel Bibliotekak irakurzaletasuna sustatzeko duen konpromiso iraunkorra, baita herritar guztientzako topagune eta ikaskuntza- zein kultura-gune gisa betetzen duen eginkizuna ere. Liburuak mailegatzetik harago doan lana da, Durangoko kultura-bizitza aberasten laguntzen duena.
Paule Sanchez Bizenta Mogel Liburutegiko presidenteak eskerrak eman nahi izan dizkio liburutegiko talde osoari, eguneroko lanean erakusten duen inplikazioagatik eta egindako ahaleginagatik. Izan ere, taldearen konpromisoari esker, irakurketa eta kultura herritar guztiengana hurbiltzeko proiektu eta ekimenak bultzatzen jarrai dezakegu. Era berean, azpimarratu du sari berri hau lanean jarraitzeko pizgarria dela, liburutegia Durangoko herritarren zerbitzura dagoen espazio ireki, dinamiko eta gertuko gisa sendotzen jarraitzeko.


