DOT Durangaldea

Durangoko Azokaren indar kulturala berretsi du ikerketa batek

“Euskarazko sorkuntza eta zaletasuna hauspotzeko oso garrantzitsua da”

Irudian, Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutia eta Gotzon Gomez, ikerketa egin duten Siadeco etxeko Lide Rekondo eta Unai Oiartzunekin

DURANGOKO AZOKA | Urtebeteko jardun eta datuen analisi sakonaren ostean, eskuragarri daude jada Siadecok Durangoko Azokarekin elkarlanean garatutako ikerketaren emaitzak. Igande honetan jakinarazi dira prentsaurreko bidez datu horiek eta baieztatu egin dute orain arte kulturgintzaren arloan zabalduta zegoen ustea: Durangoko Azokak euskarazko sorkuntza eta zaletasuna hauspotzeko oso garrantzitsua da eta handia da ere kulturgintzari ematen dion ikusgarritasuna.

Siadecok eginiko ikerketak %3,54eko akats-tartea eta %95,5eko konfiantza-tartea dauka. Ikerketa osatzeko hiru xede talde aztertu dira: sortzaileen esparrua, kulturgintzako industriaren eragileena eta kulturzale edota bisitariena. Bakoitzeko emaitzak zehaztasunez desglosatu baino lehen, honako hauek izan dira emaitza orokorretatik ateratako ondorio nagusiak:

  • Durangoko Azoka, urteroko jazoera kultural garrantzitsua da bisitari gehienentzat.
  • Bisitarien profila euskalduna, kulturazalea eta genero aldetik anitza da, gazteen artean %65 emakumeak direla nabarmentzekoa izanik. Bistarien bi heren 45 urtez azpikoak dira, jaialdiaren gaztetasuna agerian utziz.
  • Euskaraz sortutako kulturgintza hauspotzea da Durangoko Azoka bisitatzeko arrazoi nagusia.
  • Partaideen ikuspegitik, Durangoko Azoka fidagarritasun ekonomiko sendoa duen ekimena da. Gainera,  eragina ez da azoka egunetara mugatzen, eta kontsumo-palanka gisara eragiten du.
  • Sortzaileen artean gutxiengoa dira sorkuntza bizibide dutenak, beste ogibide bat behar dute bizitzeko. Azpimarratzekoa da sortzaileen %90ek garrantzi handia aitortzen diotela Durangoko Azokari.

Durangoko kulturaren plaza oso garrantzitsua da hiru xede-taldeenzat: sortzaileen %86rentzat oso edo nahiko garrantzitsua da egitasmoa, eragileen %87k ontzat jo dute, eta bisitarien %97k oso ontzat.

Egitasmoaren dimentsioak kultur-birika bihurtzen du azoka, bai eragileentzat bai sortzaileentzat. Dimentsio horren eraginez hobetzeko esparru batzuk ere antzeman daitezke, partaide handien eta txikien arteko desoreka, kasurako. Logistika hobetzeko beharra ere islatu den arren, eragileen %97k balorazio positiboa egiten dute antolakuntzari buruz.

Bisitariak, euskal kultura hauspotzeko asmoz  

Bisitarien atalean, 16 urtetik gorako 800 kulturazaleren ikuspuntua aztertu dute ikerlariek. Datuei heltzen badiegu, azokara etortzeko kulturzaleek duten arrazoi nagusia (%65) euskarazko produktuak erosiz euskaraz sortutako kulturgintza hauspotzea dela jakin dezakegu. Era berean, Durangoko Azoka urteroko jazoera kultural garrantzitsua da gehienentzat, izan ere, kulturazaleen ia %90ak behin baino gehiagotan bisitatu baitu Azoka. Gainera, bisitarien % 70ek maiztasunez kontsumitzen dute kultura bere adiera ugarietan.

Euskararen ezagutza azterturik, Durangoko Azokara datozen kulturazale edo bisitarien %92 euskal hiztunak dira. Erabilerari dagokionez, bisitarien erdiak euskara darabil, batik bat, bere ohiko bizitzan.

Genero arloan, emakumezkoak dira bisitarien gehiengoa, %58. Emakumeen partaidetza bereziki handiagoa da bisitari gazteen artean, non proportzioa %65era iristen den. Bistarien bi heren 45 urtez azpikoak dira, jaialdiaren gaztetasuna agerian utziz.

Sortzaileentzako ikusgarritasuna

2024ko Durangoko Azokan parte hartu zuten 129 sortzaileren iritzia ezagutu ahal izan da ikerketaren bidez. Nabarmentzekoa da gutxiengoa direla (%20) kultur ekoizpena ogibide bakar dutenak. Zentzu berean, %12 baino ez da sorkuntza lanetik bizi, betiere ziurgabetasun handiarekin. Hala, datuek azalerazi dute sortzaileen prekarietate maila beste sektore industrial batzuetan baino dezente handiagoa dela, izan ere, aztertutako sortzaileen %55i diru sarreren %20 baino gutxiago datorkie sormen lanetik. Hori guztia kontuan izanda, azpimarratzekoa da sortzaileen %90ek garrantzi handia aitortzen diotela Durangoko Azokari beraien jardunean, batik bat, ikusgarritasuna ematen dielako.

Amaitzeko, aipagarria da sortzaileen herena (%30,9) 35 urtez azpikoa dela.

Partaideentzat, azoka fidagarria

Industria osoaren %71k Durangoko Azoka bere kultur-produktuen sustapena eta sortzaileen promozioa egiteko baliatzen duela baieztatu du Siadecoren ikerkertak. Deigarria da, ordea, sustapen lan hori Durangoko Azokaren ondorengo salmentetan ere antzematen dela partaideen %46ren aburuz. Izan ere, Durangon izandako bisitarien %69k azoka ondorengo egunetan ere kulturgintzan kontsumitzeko asmoa berretsi du. Beraz, azpimarratzekoa da Durangoko Azokak duen eragina ez dela azoka egunetara mugatzen; hots, kontsumo-palanka gisara ere eragiten du.

Azken 3 urtetako salmenta bilakaerari dagokionez, galdekatutako eragileen %26k igo egin dela azaldu dute; jaitsi egin dela %25ek; eta berdin mantendu dela %21ek. Gainerakoek, lehenengo aldia izaki, ez dute izan konparatzeko aukerarik. Datuak aztertuta, azoka fidagarritasun ekonomikoa duen ekimena dela ondorioztatu daiteke, ia erdientzat sarrerak mantendu edo igo egin direlako.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top