DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Jaietarako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eguneratuko du Durangok

Tokiko kolektiboekin lankidetzan egingo den parte-hartze prozesu baten bidez gauzatuko da

Puntu morearen arreta zerbitzua.

DURANGO | Udalak jai-giroan indarkeria matxistaren prebentzio eta jarduera protokoloa eguneratuko duela iragarri du, sentsibilizazio, hautemate eta erantzun-neurriak indartuz. “Berrikuntza honek San Faustoko jai seguru eta inklusiboak bermatzeko udal-konpromisoari erantzuten dio, herritar guztientzako baliabide irisgarriekin”, adierazi du gobernu taldeak.

Horren baitan, toki administrazioak lizitazio-prozesua ireki du jaietako indarkeria matxistaren prebentzio eta jarduerarako protokolo bat egiteko, baita horren ezarpena gauzatzeko beharrezko zerbitzuak kontratatzeko ere. Horien artean egongo dira puntu morearen arreta zerbitzua  eta  baita jai-egunetan 24 orduko telefono bidezko arreta ere. Kontratuaren aurrekontua 20.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 19an amaituko da.

Durangaldeko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Aurkako II. Jarduera eta Koordinazio Protokoloan jasotako datuen arabera, 2024an 56 indarkeria matxista kasu erregistratu ziren Durangon, aurreko urtean baino 13 gehiago. Kasuen %70,9 genero-indarkeria izan zen, %14 indarkeria sexuala eta %12,7 indarkeria familia barnekoa.

Horrez gain, kasuen %72,2tan erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen, eta gertakari gehien izan zituzten adin-tarteak 41-50 urte (%27,8) eta 21-30 urte (%22,2) bitartekoak izan ziren, bai biktimen bai erasotzaileen kasuan. Udaletik gogorarazi dute datu hauek arazoaren zati bat besterik ez dutela islatzen, emakume askok erakundeetara jotzen ez dutelako eta erregistroetatik kanpo geratzen direlako.

Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak eguneratze honen garrantzia azpimarratu du. “Datuak argiak dira: indarkeria matxista oraindik presente dago gure gizartean, eta Durango ez da salbuespena. Protokoloa berrituta, erantzun eraginkorrago eta hurbilago bat eman nahi dugu, behar duen edonork informazio eta arreta espezializatua berehala eskuratu ahal izan dezan, bereziki, San Faustoko jai-giroan”, laburbildu du.

Lankidetzan

Eraginkortasuna hobetzeko, jaietarako protokolo berria mugimendu feminista eta tokiko beste kolektiboekin lankidetzan egingo da, hala nola jai batzordearekin, ostalaritza eta aisialdi establezimenduekin, Udaltzaingoarekin eta kultura zein berdintasun arloekin lankidetzan.

Durangoko Udalak “berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekiko tolerantzia zeroarekin duen konpromisoa” berretsi du, “2025eko San Fausto jaiak gune berdinzale bihurtzeko lan eginez”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top