Urriko Ohiko Osoko Bilkuran onartu da, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin, EH Bildu abstenitu egin da eta Herriaren Eskubidea kontra bozkatu du

DURANGO | Durangoko Udalak hasierakoz onartu du Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) erabilera arautzen duen lehen Udal Ordenantza, patinete elektriko gisa, eta giza trakziokoak, hala nola monopatinak eta patinak. Urriko Ohiko Osoko Bilkuran onartu da, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Herriaren Eskubidea alderdiaren kontrako bozkarekin. Ordenantza jendaurrean egongo da 15 egunez, herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten. Ondoren, behin betiko onartuko da eta indarrean sartuko da.
Hiri-ingurunean mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabilera gero eta handiagoa den testuinguruan, Durangoko Udalak lehentasunezkotzat jo du arau-esparru argi eta eguneratu bat ezartzea. Horrela, joan-etorri guztien artean bizikidetza bermatuko da, eta bide-segurtasuna, espazio publikoko ordena eta pertsona guztien eskubideak zainduko dira.
Ordenantza honen arabera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailutzat hartzen dira plaza bakarrekoak, gurpil bat edo gehiago dutenak, motor elektrikoz mugitzen direnak eta 6 eta 25 km/h arteko abiadura dutenak. Era berean, motorrik gabeko ibilgailuak ere sartzen dira, hala nola patinak edo monopatinak. Araudiak MPI mota bi nagusi bereizten ditu: garraio pertsonaleko MPIak, patinete elektrikoak kasu, eta salgaiak garraiatzeko MPIak, bidaiaririk eraman ezin duten zama garraiatzeko ibilgailuak.”
Ordenantzak zirkulazio-arau batzuk ezartzen ditu bide-segurtasuna bermatzeko. Zirkulatzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da, eta gauez kaskoa eta argiak erabiltzea nahitaezkoa izango da. Era berean, debekatuta dago bidaiariekin, aurikularrekin edo alkoholaren edo drogaren eraginpean zirkulatzea. Halaber, debekatuta dago espaloietan, parkeetan, plazetan, oinezkoentzako pasabideetan (MPIa bultzatzen ez bada), tuneletan eta hiriarteko bideetan ibiltzea.
Egokitutako oinezkoentzako guneetan, gehienezko abiadura 10 km/h-koa izango da, eta pertsonekin gutxienez metro bateko distantzia mantendu beharko da. Bidegorriak gehienez 15 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko prestatuta egongo dira.
Oinezkoei eragozpenak saihesteko, araudiak MPIak egokitutako espazioetan edo bizikletentzako edo motorrentzako guneetan aparkatu behar direla ezartzen du. Espaloietan, gutxienez 3 metro libre daudenean eta zintarritik 2 metroko distantzia errespetatzen denean aparkatu ahal izango da. Debekatuta dago eraikin publikoetarako, ikastetxeetarako, osasun-zentroetarako, zamalanetarako eremuetarako, garraio publikoko geltokietarako edo taxietarako sarbideetan aparkatzea, baita hiri-altzarien elementuetan, hala nola bankuetan, markesinetan edo seinaleetan.
Udaltzaingoak MPI bat ibilgetu edo kendu ahal izango du, baldin eta bide-segurtasunerako arriskutsua bada, baldintza teknikoak betetzen ez baditu (argiak edo balaztak, adibidez), edo homologazioa ez badu. Halaber, MPIaren jabea identifikatu ezin bada, edo gidaria alkoholaren edo drogen eraginpean badago, baimendutako eremuetatik kanpo zirkulatzen ari bada edo beharrezko dokumentaziorik ez badu, ibilgetu edo kendu ahal izango da. Erretiratzearen ondoriozko gastu guztiak MPIaren jabearen kontura izango dira.
Herritarrak sentsibilizatzeko, informazio-kanpainak egingo dira, eta, hainbat hilabetez, zigorrik gabeko probaldia abiatuko da. Ordenantzak arau-hausteen larritasunaren arabera aldatzen diren isunak ezartzen ditu. Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izango dute, adibidez, gutxieneko adinik gabe, argirik gabe edo bidaiariekin gidatzea. Arau-hauste larriek 200 euroko isuna izango dute, besteak beste, aurikularrak erabiltzea, debekatutako eremuetan gidatzea edo zabarkeriaz jokatzea. Arau-hauste oso larriak, hala nola substantzien eraginpean gidatzea, 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isunak jasango dituzte. Gainera, 1.000 €-ko zehapena ezarriko zaio detekzio-probak egiteari uko egiten dionari. Adingabeen kasuan, haien legezko tutoreek izango dute erantzukizuna.



