Laster, Udalak Otamotzenako eta San Faustoko haur-parke berriak ere jarriko ditu
DURANGO | Abenduaren bigarren hamabostaldian hasiko ditu Durangoko Udalak Ibaizabal auzoan haur-parke berria jartzeko lanak. Proiektu hau 2023ko aurrekontu parte-hartzaileen programaren parte da, eta udalerriko hainbat eremutako haur-jolasguneak berritzea eta hobetzea du helburu. Udalak Otamotzenako eta San Faustoko haur parkeak ere handituko ditu laster.
Ibaizabal parkeko obrak Urbabil 2000, S.L. enpresak egingo ditu, eta aurrekontua, guztira, 77.234,30 eurokoa da (BEZa barne). Lanak abenduan hastea aurreikusten da. Jolasgune berri hori Landako Erakustazoka erabilera anitzeko eraikinaren ondoan egongo da, lorategian, eta 150 metro koadro inguruko azalera izango du jolasetarako. Egiturak plataforma erdihorizontal bat izango du igotzeko sareekin, kolunpio bikoitz irisgarri bat mugikortasun urriko pertsonentzat eta beste jolas batzuk 3 urtetik gorako haurrentzat.
Lurzoruak konpontzea
Jolas berriak instalatzeaz gain, udalerriko hainbat jolasgunetan ere ari dira lurzorua konpontzen, hala nola Faustegoiena, Astolabide, San Fausto, Zuhatzola, San Inazio, Landako Eskola (eremu estalia) eta Intxaurrondoko parkeetan.
Obra horiek martxan jarrita, Durangok bere jolas-azpiegiturak hobetzen jarraituko du, txikienei beren beharretara egokitutako aisialdirako espazio berriak eskainiz eta parkeetan irisgarritasuna eta segurtasuna sustatuz.