DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Durangok Book Trailer lehiaketako sariak banatuko ditu igande honetan

234 gazte durangarrek giza eskubideak, bakea, bizikidetza eta kulturartekotasuna landu dituzte edizio honetarako

Sariak igande honetan banatuko dira
Sariak igande honetan banatuko dira

DURANGO | Datorren maiatzaren 19an, sari banaketarekin, Durangoko Book Trailer Lehiaketaren zortzigarren edizioa amaituko da. Zortzi edizioetan tokiko 700 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, sormenaren eta kulturen arteko elkarrizketaren bidez irakurketa eta analisi kritikoa sustatzeko.

Aurten, Giza Eskubideak, bakea, bizikidetza eta kulturartekotasuna bezalako gai garrantzitsuetan duen ikuspegiagatik nabarmendu da ekitaldia. Durango Irratiarekin elkarlanean egindako bi prestakuntza-saioen bidez, herriko ikastetxeetako ikasleek literatura-lanak ikuspegi moderno eta irisgarri batetik aztertzeko eta aurkezteko aukera izan dute, Book Trailer-en formatu digitala erabiliz elementu narratiboak eta ikus-entzunezkoak konbinatzeko.

Sari banaketa ekitaldia San Agustin Kulturgunean egingo da datorren igandean, maiatzak 19, 11:00etatik 13:00etara. Ekitaldia doakoa eta publikoari irekia izango da, eta aukera paregabea eskainiko du tokiko talentua eta gure gazteek artearen bidez funtsezko balioak interpretatzeko eta zabaltzeko duten gaitasuna balioesteko. Maria Redondo «Goazen !» telesaileko aktoreak aurkeztuko du ekitaldia, eta, gainera, Kamanga Influencer Clubeko gazteak animatuko ditu.

Lehiaketaren zortzigarren edizioan hainbat ikastetxetako ikasleek hartu dute parte, besteak beste, Zabalarra, Jesuitak, Institutua, San Antonio eta Kurutziaga. Guztira 97 book trailer aurkeztu dira eta 234 parte-hartzaile aktibo izan dira. Lehiaketa hainbat kategoriatan antolatu da, eta kategoria orokorrak nabarmendu dira, adinaren arabera bi taldetan banatuta: A kategoria 2010 eta 2012 urteen artean jaiotako gazteentzat eta B kategoria 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoentzat. Bi kategorietako irabazleek 150 euroko sariak, liburu elektroniko bat eta liburu sorta bat jasoko dituzte.

Gainera, Gidoi Onenaren Sari Berezia eta Publikoaren Saria banatuko dira, non bertaratzen direnek book trailer gogokoenaren alde bozkatzeko aukera izango duten. Kategoria horietako sarituek liburu elektroniko bat eta liburu-sorta bat ere jasoko dute, beren sormena eta ahalegina aitortzeko.

Durangoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu udalerriko gazteen ekarpenak ospatzera. Izan ere, gazte horiek, beren buru argiaren eta konpromisoaren bidez, gizarte bidezkoago eta baketsuago baten alde egiten ari dira.

2 thoughts on “Durangok Book Trailer lehiaketako sariak banatuko ditu igande honetan”

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top