Zerbitzua doakoa izango da probak irauten duen bitartean, eta herriko hainbat auzo lotuko ditu erdigunearekin eta tren geltokiarekin

DURANGO | Durangoko Udalak mugikortasun jasangarriaren aldeko beste urrats bat emango du datorren uztailean, herriko lehen hiri-autobus zerbitzua abian jarrita. Ekimena proba pilotu gisa jaioko da eta hilabete batera (uztail osoan zehar) luzatuko da, herritarren erantzuna eta linearen bideragarritasun teknikoa aztertzeko. Gainera, probak irauten duen bitartean, autobusa guztiz doakoa izango da erabiltzaile guztientzat.
Bus honek herriko periferiako auzoak —hala nola, San Fausto, Aramotz edo Juan de Itziar— erdigunearekin, osasun-zentroarekin eta tren geltokiarekin lotzea izango du helburu nagusi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei edo adinekoei joan-etorriak erraztuz.
Ordutegiak
Zerbitzurako aukeratutako ibilgailuak 49 eserleku, zutik joateko 24 leku eta mugikortasun urriko pertsonentzako erreserbatutako bi gune ditu. Autobusa doakoa izango da uztailean, eta astelehenetik ostiralera egongo da martxan, ordutegi honekin: goizez 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 16:30etik 21:00etara. Maiztasuna 40 minutukoa izango da; izan ere, azterketa teknikoaren arabera, udalerri osoari bira emateko behar den denbora 27 minutukoa dela zenbatetsi da.
Igerilekuetaraino
Proba-hilabete honetarako diseinatutako ibilbideak hamahiru geltoki izango ditu guztira, honela banatuta: ibilbidea Madalenan hasiko da eta Olleria, Faustekalea, Zirarmendieta eta Larrasoloetatik (Gerediaga eta Durango Irratiaren eraikinaren ondoan) jarraituko du. Ondoren, Zumar Kalera joko du eta Tabirara iritsiko da (Gaur egungo Bizkaibuseko geltokian, Ibaizabal parean). Biribilguneari buelta eman ostean, autobusa Tabira kalean sartuko da igerilekuetaraino; handik, herrigunera itzultzeko bideari ekingo dio Gasteiz Bidetik Kurutziagarantz. Azkenik, Otamotzena eta Aramotz, Sasikoa eta Fray Juan de Zumarragara (institutuaren aurrean) zuzenduko da, berriro ere Madalenan amaitzeko.
Udaletik adierazi dutenez, geltoki horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma espezifikoekin egokitu beharko dira, eta horrek aldi baterako aparkaleku batzuk kentzea eskatuko du eremu horietan.


