DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

«Durangok alokairuko etxebizitza publikoa arautzeko aukera galduko du»

EH Bilduren ustez, “etxebizitza publikoen politiketan berritzeko eta etxebizitzaren eskubidea bermatzeko aukera galduko da”

EH Bilduren kritika, udal etxebizitza tasatuen ordenantza berriaren atzerapenaren aurrean
EH Bilduren kritika, udal etxebizitza tasatuen ordenantza berriaren atzerapenaren aurrean

DURANGO| EH Bilduk uztailaren 24ko osoko bilkuran eztabaidatuko den Udal Etxebizitza Tasatuen ordenantzaren inguruan duen jarreraren berri eman du. Ordenantza horrek arautuko ditu, besteak beste, etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzten pertsonen gehieneko eta gutxieneko diru-sarrerak, pertsona horien baldintzak, sustapen motak edo etxebizitzen gehieneko prezioa. Zentzu horretan, koalizioak azaldu duenez, «ordenantzak klausulak izan zitzakeen eraikitako etxebizitzen zati bat alokairura bideratzeko, baina gobernu-taldeak uko egin dio».

Datozen urteetan 106 udal-etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten da. EH Bilduk proposatu du horietako batzuk, zehazki udal jabetzako lurzoruan eraikiko direnak, alokairu erregimenean bideratzea. Zentzu horretan, koalizioak zuzenketak sartu ditu ordenantza prestatzeko prozesuan, “baina osoko bilkuratik pasatzeke, gobernu taldeak koalizioari jakinarazi dio atzera botako dituela proposamenak”.

Aurreratu dutenez, Durangon alokairuko etxebizitzen eskaintza «ia ez dago, eta dagoen apurrak Eusko Jaurlaritzaren gomendio-indizeak gainditzen dituen prezioa du», eta Durangon alokairuko etxebizitzen eskatzaileak bikoiztu egin dira azken urtean, Etxebidek argitaratutako datuen arabera». Alokairuaren eskaria diru-sarreren tarte guztietara zabaldu da, eta alokairuan bizitzea erabakitzen duten pertsonen tipologia aldatu egin da.

EH Bildu Durangok uste du garaia dela etxebizitza politiken eredu berri baterako proposamenak egiteko. «Ezin da lurzorua saltzen eta etxebizitza eraikitzen jarraitu epe laburrean etekin ekonomikoa lortzeko asmo bakarrarekin. Era berean, ezin da etxebizitzaren eskubidea merkatuaren esku utzi, ikusi baita merkatua ez dela gai jendearen beharrei erantzuteko. Berritzeko, alokairu-eskaintza sustatzeko eta alokairuko etxebizitza-parke publiko bat sortzeko unea da».

EH Bilduk udal gobernuari dei egin dio aukera hau pasatzen ez uzteko eta “etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko” duen erantzukizuna bere gain hartzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top