Beste 18.000 euro aholkularitza-zerbitzu batera bideratuko dira

DURANGO | Asteazkeneko osoko bilkuran, hilak 26, Udalbatzak beste urrats bat emango du komunitate energetikoak sortzeko, Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES) aldaketa bat txertatuz. Zehazki, 76.918 euro sartuko dira energia-komunitate berriak sortu eta kudeatu nahi dituzten elkarte, kolektibo edo auzo-komunitateentzako dirulaguntzen deialdi bat irekitzeko.
Gogoratu behar da ekimen hau iaz EH Bildurekin lortutako akordioaren emaitza dela, non 100.000 euroko partida bat adostu zuten trantsizio energetikoa bultzatzeko Durangoko komunitate energetikoa sortuz. “Orain egiten duguna gainerako diruaren kreditu aldaketa bat egitea da, PESen sartzeko eta aurrera egiten jarraitzeko”, azaldu du Jesica Ruiz alkateordeak hedabideekin egindako gosari informatibo batean. “Hasierako 100.000 euroetatik 5.000 Tecnaliak eman zuen gaiari buruzko formakuntza baterako erabili ziren, eta beste 18.000 euro honen inguruan aholkularitza zerbitzu bat eskaintzeko erreserbatuta daude. Hortik, gainerako zenbatekoa, 76.918 euro”.
Alde horretatik, behin aldaketa onartuta, udal gobernuak espero du laguntza horien oinarri arautzaileak prestatzen hastea. “Oraintxe bertan badakigu elkarte bat dagoela, baina asmoa da komunitate hori edo beste batzuk laguntza horietara aurkeztu ahal izatea”, amaitu du Ruizek.