DOT Durangaldea

Durango euskal futbolaren hiriburu bihurtuko da, Euskal Kopen egoitza gisa

Tabirak hirugarren urtez jarraian hartuko ditu emakumezkoen, gazteen eta kadeteen mailako finalak

Finalak gaur goizean aurkeztu dituzte Tabiran.

DURANGO | Euskadiko Futbol Federazioak eta Durangoko Udalak lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean, eta horri esker, Tabirako instalazioek Euskal Kopako finalak hartuko dituzte hirugarren urtez jarraian. Aurkezpenean Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izan dira.

Mireia Elkoroiribe pozik agertu da txapelketa berriro herrian hartzeagatik, eta azpimarratu du ekitaldi hauek, emozioa ekartzeaz gain, udalerriak eta tokiko kirol taldeek kirolarekiko duten konpromisoa indartzen dutela, “gizarte-kohesiorako, balioetan hezteko eta dinamizazio ekonomikorako motor gisa“. Alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu datozen asteetan lehiaketaz eta kirol giroaz gozatzera.

Bestalde, Iker Goñik Durango eta Tabira erreferentziako egoitza gisa finkatu izana goratu du, eta eskerrak eman dizkio Udalari erakutsitako gertutasunagatik. Era berean, Goñik balioan jarri nahi izan du “C.D. Durango S., C.D. Sasikoa, Ezkurdi K.T. edota Durangoko Sapuherriak F.T. bezalako tokiko klubek Euskal Kopak aurrera atera daitezen egiten duten lana eta ahalegina”.

Partiden egutegia eta ordutegiak

Hitzarmen honi esker, Durango Euskadiko oinarrizko eta emakumezkoen futbolaren elkargune bihurtuko da, federazioaren egutegiko hiru hitzordu garrantzitsuenak bilduz. Partidak honela banatuko dira:

  • Emakumeen Euskal Kopa: Finalerdiak ostiral honetan bertan jokatuko dira, 17:00etan edota 19:15ean. Final handia, berriz, ekainaren 7an izango da, 12:00etan.

  • Gazteen Euskal Kopa: Finalerdiak ekainaren 5ean jokatuko dira (17:00etan eta 19:15ean), eta finala ekainaren 7an izango da, 12:00etan.

  • Kadeteen Euskal Kopa: Finalaurrekoak ekainaren 12an jokatuko dira (17:00etan eta 19:15ean) eta txapelduna nor den ekainaren 14an erabakiko da, 12:00etan, Tabiran.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top