1.500 euroko saria izango da eta 35 urte arteko gazteak aurkeztu ahalko dira eta lanak 2026ko ekainaren 14rako aurkeztu behar dira

DURANGALDEA | Durangaldeko ondare, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin, Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria sortu zuen 2022an Gerediaga Elkarteak. Orain, bosgarren deialdia abian jarri du.
Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dira. Deialdia berrian kategoria bakarra izango da. 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahalko dute eta sari bakarra izango da, 1.500 eurokoa. Gainera, Astola aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukera emango zaio irabazleari.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika… Lana, jatorrizkoa eta euskara hutsean, lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.
2026ko ekainaren 14ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Lanak gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bidali beharko dira. Egitasmo honek Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa dauka.
Aurreko deialdietako irabazleak
Lehenengo edizioan (2022) gazteenen kategorian ikus-entzunezko bi saritu ziren: Peio Martin Estevezen (Zornotza) “Elkarrizketa amamarekin” eta Ibone Gomez Tamayoren (Zaldibar) “Euskal bidaiariak”. Nagusien kategorian, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen duen Adrian Burgada Ereñoren (Durango) “Ibaizabal ibaia” idatzizko ikerketa-lana izan zen irabazle.
Bigarren edizioan (2023) lan bik jaso zuten saria: Gazteenen kategorian Jokin Camarero Garaik (Durango) idatzitako “Durangadeko Mitologia” lana, eta 19 urtetik gorakoen kategorian, Otxandion izan zen Garavilla S.A. arrain kontserba fabrikari buruzko ikerlana, Xixili Bengoetxea Llonak (Otxandio) idatzita.
Hirugarren edizioan (2024) Marta Calvo Larraldek (Durango) jaso zuen saria, “Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan” izenburuko lanagatik. Ikertzen ari den doktore tesiaren parte da.
Laugarren edizioan (2025) Pello Zabarte Narbaizak (Zaldibar) jaso zuen saria “Bitor Garitaonandia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila” lanagatik, urtebete lehenago aurkeztutako Master Amaierako Lanaren laburpena.
Deialdi berriari buruzko oinarriak Gerediaga Elkartearen webgunean daude kontsultarako eta deskargatzeko moduan.



