Ekimenak kultura, gastronomia eta natura uztartuko ditu Amorebieta-Etxanon, Elorrion eta Durangon

DURANGALDEA | Durangaldea errealitate bihurtuko da datorren irailean ‘Mahasti Artean’ jaialdi ibiltariaren zazpigarren edizioko agertoki nagusia. Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak sustatutako ekimen honek irailaren 11tik 13ra bitartean lau esperientzia paregabe eskainiko ditu. Helburua kultura, natura, ondarea eta gastronomia lotzea da, Bizkaiko txakolina ardatz nagusi hartuta eta mahats-bilketaren hasierarekin bat eginez.
Aurreko urteetan Bakio, Urdaibai, Txorierri, Enkarterri edo Gorbeialdea bezalako eskualdeetatik igaro ondoren, jaialdiak Durangaldeko hiru txoko enblematiko aukeratu ditu aurten: Etxanojauregi mahastia (Amorebieta-Etxano), Solatsu Telleria gune historikoa (Elorrio) eta Durangoko Azoka (Durango). Jarduera guztietarako sarrerak jada salgai daude Bizkaiko Txakolinaren webgune ofizialean.
Egitaraua ostiralean, irailak 11 (19:30etik 21:30era) hasiko da Etxanojauregi mahastian, Mahasti Komedia saioarekin. María Cruickshank antzezle eta umoregileak eguneroko egoerak eta gizarte-presioak umorez jorratuko dituen bakarrizketa eskainiko du, Bizkaiko lau txakolin, Idiazabal gazta eta Etxerriagako taloa dastatzearekin batera.
Larunbatean, irailak 12, saio bikoitza izango da:
-
Goizez (11:30etik 14:30era) – Mahasti Yoga: Miren Mentxakak (IZAKI Yoga) erlaxazio eta ongizate saio bat bideratuko du Solatsu Tellerian (Elorrio), 1700. urte inguruko teileria zaharberrituan. Bisita gidatua egingo da eta Saltsan taldeak prestatutako gastronomiak lagunduta lau txakolin dastatuko dira.
-
Arratsaldez/Iluntzez (18:30etik 22:00etara) – Mahasti Musika: Etxanojauregi mahastiak ateak irekiko ditu berriro Aiora & Piti (Zea Mays taldeko kideak) eta Arima Soul taldeen zuzeneko kontzertuak hartzeko, txakolin, talo eta Idiazabal gazta dastatzearekin batera.
Azken ukitua igandean, irailak 13 (12:00etatik 14:30era) iritsiko da, Mahasti Gourmet – Durangoko Zaporeak eta Historia proposamenarekin. Durangotik igaroko den ibilbide gidatu batekin hasiko da saioa (Bikandi Txakolinaren mahasti eta Upategira begira geldialdia eginez), eta Durangoko Azokan amaituko da, lau txakolin eta Saltsan-ek prestatutako lau pintxoren arteko uztarketarekin.
Bizkaiko Txakolina J.D.K.-k (egun 35 upategi, 167 mahastizain eta 433 hektarea mahasti biltzen dituenak) txakolinaren mundua publiko berrietara hurbildu nahi du. Mahasti Artean jaialdia aukera paregabea da gure paisaia atlantikoa, tokiko kultura eta gertuko gastronomia lehen mailako aisialdi esperientzien bidez ezagutarazteko.
Egitaraua
-
Ostirala 11 (19:30) | Mahasti Komedia (Amorebieta-Etxano): María Cruickshank-en bakarrizketa + Dastaketak eta taloa.
-
Larunbata 12 (11:30) | Mahasti Yoga (Elorrio): Yoga saioa Solatsu Tellerian + Bisita + Uztarketa Saltsan-en eskutik.
-
Larunbata 12 (18:30) | Mahasti Musika (Amorebieta-Etxano): Aiora & Piti (Zea Mays) + Arima Soul kontzertuan + Dastaketak.
-
Igandea 13 (12:00) | Mahasti Gourmet (Durango): Ibilbide gidatua + Pintxoak eta txakolina Azokan.


