Guztizko gastuaren % 30 izango da lagungarria, gehienez ere, 100 eurokoa eskatzaile bakoitzeko
GARAI | Garaiko Udalak garrantzitsutzat jotzen du jokabide osasuntsuak sustatzea eta laguntzea herritarren artean, besteak beste, kirolen batean aritzea. Horiek horrela, dirulaguntzak emango dizkie 2023. urtean kirol-jarduerak egin dituzten herritarrei. Izan ere, kontu jakina da Garaiko herritarrek, herrian bertan azpiegitura urriak dituztenez, aukera larregirik ez daukatela Garain bertan kirolean jarduteko; ondorioz, herritarrek inguruko udalek edo enpresek kudeatzen dituzten instalazioetan ematen dute izena. Jokabide osasuntsu horiek indartu eta herritarrek egin ohi duten ahalegin ekonomikoa zelanbait arindu nahi du Garaiko Udalak. Guztizko gastuaren % 30 izango da lagungarria, gehienez ere, 100 eurokoa eskatzaile bakoitzeko.
Baldintzei dagokienez, eskatzaileek Garaiko udalerrian erroldatuta egon beharko dute eskaera egin baino urtebete lehenago, gutxienez, eta ikastaroa amaitu arte. Hala berean, Durangaldeko udalerrietako edozein kiroletako udal institututan (KUI) edota kirolgunetan izena emanda egotea ezinbestekoa izango da. Bestetik, eskatzailearen familia-unitateak egunean izan behar ditu Garaiko Udalari ordaindu beharreko zerga, tasa eta prezio publikoen ordainketa guztiak.
Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak Garaiko Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira, norberak egindako eskaera bidez eta eskatzaileak sinatuta. Eskaeran, dirulaguntza zein egitarau edo jardueratarako eskatzen den zehaztuko da, eta eskabidearekin batera, besteak beste, eginiko kirol-jardueraren faktura edo ordainagiria aurkeztu beharko da eta helburu bera betetzeko jasotzen diren bestelako dirulaguntzen berri adierazi.
Eskariak 2024ko martxoaren 22ra arte aurkeztu ahalko dira Garaiko Udaleko Erregistro Nagusian