Igandean lau elkarte gastronomikotan egingo da txapelketa, dastatze herrikoia barne
ELORRIO | Abenduaren hasieran, ohikoa denez, Buzkantz Jaia ospatuko da Elorrion, odolkia protagonista dela. Elorrioko turismo bulegoak antolatuta, eta Elorrioko eta Iturrizoroko Merkatarien Elkartearen babesarekin, herritarrek asteburu gastronomikoa izango dute aurretik.
Hasteko, larunbatean, pintxo bira erakargarriaz gozatzeko aukera izango da bederatzi taberna hauetan: Mai, Bikale, Amilibia batzokia, Zubiertz, Xelai, Tanger, Parra, Portalekua eta Txup Txup.
Hurrengo egunean, hilak 8, igandea, odolki txapelketa eta dastaketa herrikoia jarriko dira martxan Buskantz, Alkartu, Pitxar eta Lagun Toki elkarte gastronomikoetan. Horrela, 10:00etatik 13:00etara, pintxoen tiketak Turismo Bulegotik kanpo egongo dira salgai, 8 euroan. Lau pintxo eta ardoa edo ura erosi ahal izango dira tiket bakoitzarekin.
Dastatzea 12:00etatik 14:30etara luzatuko da lau elkarteetan, eta turismo bulegoan eman ahal izango da botoa 14:45ak arte. Bitartean, plazan jarduera dibertigarriez gozatu ahal izango da, hala nola photocall-a eta haurrentzako tailerrak.
Azkenik, asteartean, hilak 10, odolki txapelketaren sari banaketa egingo da Iturri Kultur Etxean, 13:30ean.