14 urte bitartekoentzako doakotasuna izango da uztailaren 1etik aurrera
BIZKAIA | Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak zenbait neurri onetsi ditu astearte honetan lurraldeko hobariekin lotuta, eta horien artean, 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna nabarmentzen da. Neurria otsailaren lehen astean aktibatuko da eta Barik txartel pertsonalizatua beharko da baliatzeko.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko iturriek jakinarazi dutenez, erakundearen, Metro Bilbaoren, Bizkaibusen, Euskotrenen, Renferen edo Bilbobusen bulegoetan eskatu ahal izango da Barik txartek pertsonalizatua, eta adingabeak tutore batekin bertaratu beharko dira, NAN edo familia liburuarekin.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak garraio publikoaren hobarien inguruan abenduaren 23an emandako 9/2024 Errege Lege Dekretuan jasotako neurriak ere jorratu dira Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian.
Horrela, 2024an zehar indarrean egon diren neurriak luzatuko dira 2025eko lehen seihilekoan, hau da, % 50eko hobariak emango dira abonuetan eta bidaia anitzeko titulu guztietan, eta 12 urtetik beherakoak doan bidaiatu ahalko dira.
Era berean, 2025eko uztailaren 1etik aurrera, indarrean sartuko dira %40ko deskontua abonuetan eta bidaia anitzeko tituluetan, %50eko deskontua 26 urtetik beherakoentzat, eta 14 urte bitartekoentzako doakotasuna.
Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bileran aztertu den beste gaietako bat 2025eko ekitaldirako tarifa berrien egokitzapena izan da. Horrela, tarifa berriak otsailaren 20tik aurrera aplikatuko dira eta %3,4ko batez besteko igoera izango dute.
Zehazkiago, gehien erabiltzen den Creditrans txartelak %3ko batez besteko igoera izango du, hau da, hiru zentimo gehiago; Gizatrans edo 65 urtetik gorakoentzako txartelak, berriz, bi zentimo egingo du gora.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko tituluen tarifak 2022an igo ziren azken aldiz, eta ordutik 2024ko azarora, KPIa %11,7 igo da. Azkenik, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren 2025erako aurrekontuak onartu dira bileran.