Akordio honen helburu nagusia da gizarte larrialdiko egoeran dauden pertsonei eta gizarte-bazterkeriako arriskuan daudenei ostatu zerbitzuetarako sarbidea erraztea
BERRIZ | Durangaldean gizarte arreta hobetzeko asmoz, Durangaldeko Mankomunitateak eta Berrizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Berrizen dagoen etxebizitza bat aldi baterako lagatzeko.
Akordio honen helburu nagusia da gizarte larrialdiko egoeran dauden pertsonei eta gizarte-bazterkeriako arriskuan daudenei ostatu zerbitzuetarako sarbidea erraztea. Hitzarmen honek honako zerbitzu hauek barne hartzen ditu:
1. Ostatu-zerbitzua/Harrera pisua: Gizarte larrialdiko edo etxeko indarkeriako egoeren ondorioz ostaturik ez izateagatik egonaldi laburra behar duten pertsonei eta bizikidetza unitateei zuzendua.
2. Bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako Tutoretzapeko Etxebizitza: Aldi baterako bizitokia eskaintzen die bazterkeria arrisku handian dauden pertsonei, ingurune segurua eta gizarteratzeko laguntza teknikoa eskainiz.
Hitzarmenak lau urteko lagapen aldia ezartzen du, eta bi aldeek hala adostuta luzatu ahal izango da. Denbora horretan, Mankomunitateak konpromisoa hartzen du etxebizitza ezarritako helburuetarako soilik erabiltzeko, eta etxebizitza erabiltzeak dakartzan gastuak bere gain hartzeko, hala nola ura, argia, berokuntza eta mantentze-lanak.
Gainera, jarraipen batzorde bat sortu da, bi erakundeetako ordezkariek osatua, eta hitzarmena behar bezala betetzen dela gainbegiratzeaz eta eskualdeko gizarte zerbitzuen politikak koordinatzeaz arduratuko da.
Idoia Otaduy Mankomunitateko lehendakariak lankidetza horren garrantzia azpimarratu du, “babes sozialeko sarea indartzeko eta pertsona zaurgarrienek behar duten arreta jasoko dutela bermatzeko. Mankomunitatean lanean jarraituko dugu pertsona horiek babestuta senti daitezen. Ildo horretan, garrantzitsua ikusten dugu gure baliabideen eskaintza handitzea, eta, horretarako, azken urtean hainbat udalekin sinatu ditugun lankidetzak bilatzen jarraituko dugu”.
Bestalde, Orlan Isoird Berrizko alkateak adierazi du garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetzaren emaitza den akordio hori, “eskualde gisa prestatzea ahalbidetuko baitu, larrialdietan edo gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonei ostatu hartzeko erantzun hobea emateko. Mankomunitateari lagatako eskumenen kudeaketan lankidetza lanean irmoki sinesten dugu, zalantzarik gabe, eskualde kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa garatzen laguntzen baitu”.