Udalak eta gurasoen elkarteak hitzarmena sinatu dute

ATXONDO | Hamaiketako osasungarriak programa 2023an jarri zuten martxan Atxondoko eskolan, Berton Bertokoa mugimenduko filosofian oinarrituz. Harrezkero, ikasleek bertako elikagai agroekologikoak jaten dituzte jolas-orduan, ikasturte osoan zehar. Orain, Atxondoko Udalak eta Eskolako Ikasleen Guraso Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute eskolan martxan dagoen hamaiketako osasungarrien programa sendotzeko. Akordio honen bidez, bi aldeek, eskolarekin batera, elikadura jasangarri eta hurbilekoaren aldeko konpromisoa indartu dute, urtez urte laguntza berritzeko borondatearekin.
“Umetatik elikadura ohitura osasuntsua sustatzea garrantzitsua dela uste dugu eta hitzarmena konpromiso horretan beste pauso bat da”, adierazi du Eneritz Agirre alkateak. Gurasoen elkarteko eta Berton Bertokoako kidea den Alex Azpiriren esanetan, elikadura osasungarriaz gainera, “hurbileko produktuen kontsumoa, tokiko ekoizleekin lankidetza, ingurugiroarekiko errespetua eta berdintasuna ere bultzatzen dira egitasmo honekin”.
Bestalde, Arantzazu Barrutieta eskolako ikasketa buruak ere egitasmoa goraipatu du: “Eskolatik umeen artean elikadura osasuntsua sustatzeko konpromisoa dugu eta proiektu honek bide horretan laguntzen digu”.
Astelehenetan Belaze baserriko yogurta jaten dute; astearteetan eta ostegunetan Patxikobaso baserriko ogi agroekologikoa, eta, asteazkenetan eta ostiraletan Elorrioko Anbotopeko Dendako fruta, gertukoa eta agroekologikoa. Anbotopekok proiektu honetako ekoizleak eta produktuak koordinatzen ditu. “Guretzako pozgarria da ekimen honetan parte hartzea eta eskolako umeei bertako eta kalitatezko produktu agroekologikoak eskaintzeko aukera izatea”, adierazi dute ekoizleek.