«Oraingoz Landako plaza hutsik dago», azaldu dute Osakidetzatik
DURANGO | Duela bi aste hasi ziren mobilizatzen Berrizko herritarrak, familiako medikuen hiru plazetatik bi hutsik geratu zirela jakin ondoren. Horrela, mediku bakar batek ematen die arreta berriztar eta garaitar guztiei. Udal osoko bilkurara iritsi da egoera hori, EH Bilduk aurkeztutako mozio batekin. Alderdi guztiek babestu zuten mozioa, eta Osakidetzari beste bi medikuak “berehala” sartzea eta salu berriztarraren zentroko hiru plazak betetzea eskatu zioten.
Hala ere, Berriz ez da profesional faltaren arazoa duen eskualdeko udalerri bakarra. Landakoko osasun-zentroko pazienteek adierazi nahi izan dute, halaber, «nazkatuta» daudela beraiek ere hilabeteak daramatzaten egoerarekin. «Berrizi buruz asko hitz egiten da, baina Durangon otsailaz geroztik medikurik gabe gaude», nabarmendu dute. Kontatzen dutenez, astero aldatzen dituzte doktorez, harik eta medikuaren lanpostua betetzea lortzen duten arte.
Egoera horren aurrean, Osakidetzak LAGi azaldu dio une honetan Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialisten estalduran gertatzen ari diren aldaketak Osakidetzako langileen plazak finkatzeko prozesuaren ondorio direla; zehazki, 2020, 2021 eta 2022ko EPEetako plazak esleitu aurreko lekualdatze-lehiaketaren ondorio.
Durangoko Landako osasun-zentroaren kasuan, Osakidetzak azaldu du profesionalak lanpostu bat atera duela 2018-19ko EPEko prozesuan, eta Landako plaza oraingoz hutsik dagoela. «Une honetan kontratatzen dituzten espezialistak urriak direnez, eta irailera arte, BAME prestakuntza amaitzen dutenean, ezin denez espezialista berririk kontratatu, Osakidetza zerbitzua gertuko beste osasun-zentro batzuetako profesionalen laguntzarekin emateko neurriak ezartzen ari da», argudiatu dute.
Osasun-iturriek argitu dute, halaber, Osakidetzak ez duela, inola ere, eremu horretako osasun-arreta murrizteko asmorik, ezta herrian mediku-plaza bakar bat murriztekoa ere. Plazak bete nahi dituzten profesional guztiei eskaintzen jarraituko dugu; plaza guztiak betetzeko ahal dugun guztia egiten jarraituko dugu.