Ertzaintzako agenteek 52 eta 45 urteko bi gizon atxilotu zituzten joan den eguaztenean

MALLABIA | Ertzaintzako agenteek 52 eta 45 urteko bi gizon atxilotu zituzten joan den asteazken goizean Mallabian, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Bi akusatuak, antzeko delituengatik aurretik ere ibilitakoak, Mallabarrena auzoko argiteria publikoko kutxatiletako kable elektrikoa indarrez ateratzen ari zirenean harrapatu zituzten ‘in fraganti’.
Lapurreta-saiakera goizeko 07:10 aldera gertatu zen. Herritarrak babesteko lanetan ari ziren Eibarko Ertzain-etxeko patruilek abisua jaso zuten, bi pertsona kutxatila bat altxatu eta kablea lapurtzen ari zirela eta.
Bertaratu ziren agenteek bi gizon ikusi zituzten sastraka batzuetatik irteten eta jarraian identifikatu egin zituzten. Susmagarriak miatzerakoan, hainbat erreminta eta labana bat zeuzkan motxila bat aurkitu zieten.
Ingurua zehaztasun handiagoz miatu ostean, ertzainek sabotajearen tamaina egiaztatu ahal izan zuten:
-
Argiteria publikotik ateratako 350 metro kable inguru aurkitu zituzten, sastraketan hainbat pilatan ezkutatuta.
-
Guztira hamabost kutxatila topatu zituzten soldadura behartuta zutela, lur-konexioko linea moztuta eta kable elektrikoa falta zitzaiena.
Gertaera hauen aurrean, agenteek bi gizonak atxilotu zituzten. Bi atxilotuak Eibarko Ertzain-etxera eraman zituzten eta, egunean bertan, asteazken arratsaldean, epailearen eskuetan jarri zituzten.


