Urdinak puntuatzeko, eta irabazteko, gertu egon ziren CD Basconiari egindako bisitan igande honetan

FUTBOLA | Urdinak puntuatzeko, eta irabazteko, gertu egon ziren CD Basconiari egindako bisitan igande honetan, ziurrenik multzoan sasoi hobean dagoen taldea, azken asteetan sailkapenaren goiko partean dauden Real Union, Utebo, Tudelano edo Sestao River bezalako taldeen aurka lortutako garaipenek erakusten duten bezala. Hala ere, zornotzarrak, Arratibelen bitartez aurreratu zirenak atzo, esku-hutsik bueltatu ziren polemika izan zuen amaiera krudel batean. Izan ere, 2-1ekoa zornotzarrak jokoz kanpo erreklamatzen ari ziren jokaldi batean eragindako penalti baten ondoren iritsi zen. Zangok jaurtiketa gelditu ondoren, aldaratzean heldu zen gola. Egilea area barruan sartu zen denbora baino lehen, baina epaileek ez zuten ikusi.
Lehen zatia berdinduta joan zen, txandakako nagusitasunarekin eta abagune gutxirekin. SDAren aldetik, argiena Intxaustik izan zuen ordu laurdenean, baina bere jaurtiketa atzelari batek atera zuen, ia atepean. Etxeko taldean, Conde izan zen gertuen egon zena ordu erdira iritsi baino lehen. Area ertzetik jaurtiketa on bat egin zuen eta Altamirak geldiketa ikusgarri batekin erantzun zuen. Gauzak horrela, partida hasierako emaitzarekin heldu zen atsedenaldira.
Aldageletatik igaro ostean, Basconiak aukera ona izan zuen 48. minutuan, baina Conderen errematea kanpora joan zen. 0-1ekoa 57.ean iritsi zen estrategia ekintza bat aprobetxatuz. Fausto Tienzaren erdiraketa Arratibelek gogor errematatu zuen buruz urdinei abantaila emanez. Lau minutu geroago bat gutxiagorekin geratu zen Basconia, Zarandonak bigarren txartel horia ikusi baitu. Hala ere, etxekoek berriro berdindu zuten markagailua 68. minutuan, zelaian minutu bat baino gutxiago zeraman Urzaizen bitartez.
Azken txanpan, ez bata ez bestea puntuarekin konformatzen ez zela zirudien. Urdinak aurkariaren arean zehar zebiltzan eta Athleticen bigarren filialak jokalariak uzten zituen goian trantsizio azkarrekin mehatxatzeko. Horrela, 88.ean 1-2koa iristear egon zen, baina Ituarteren zartakoak zutoinaren kontra jo zuen. Jarraian, Basconiak kontraeraso bortitz bat sortu zuen, non gureek jokoz kanpoko eskatu zuten, baina epaileek ez zuten adierazi. Altamirak gola eragotzi zuen hasiera batean geldiketa on batekin, baina jokaldiak bizirik jarraitu zuen eta penaltia eta SDAko atezainaren kanporatzea adierazi zren. Zulaikari aldaketa bat geratzen zitzaion oraindik eta Zango sartu zen atepean jartzeko. Atezainak gelditu egin zuen Goñik jaurtitako penaltia, baina aldaratzea Fernandezek harrapatu zuen eta 2-1ekoa sartu du. Gol hori ez zen markagailura igo behar, egilea area barruan baitzegoen bere taldekideak 11 metroetatik jaurtiketa egin aurretik.


