DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietak hasiera onespena eman dio trafiko eta bide segurtasuneko ordenantza berriari

Ordenantzaren bidez patinete elektrikoen erabilera segurua sustatu nahi du, baita pedalez lagundutako bizikleten eta zikloen erabilera ere

hasiera onespena eman dio trafiko eta bide segurtasuneko ordenantza berriari

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak hasierako onespena eman dio Trafikoaren, Zirkulazioaren eta Bide Segurtasunaren Udal Ordenantza berriari. Ordenantza horrek udalerriko bide-segurtasuna hobetzeko eguneraketa garrantzitsuak jasotzen ditu.

Izan ere, ordenantza berriaren helburu nagusia da Amorebieta-Etxanoko bide publikoaren, trafikoaren, zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren erabilerak eguneratu eta ordenatzea, udalerriaren egungo beharrak eta herritarren mugikortasun-ohituren aldaketak kontuan hartuta.

“Araudi honen helburua da herriko bide publikoaren erabiltzaile guztien bizikidetza eta segurtasuna bermatzea, bai oinezkoena, bai txirrindulariena, baita ibilgaiku tradizionalena (autoak, furgonetak, kamioiak) eta garraiobide berriena ere, hala nola patinete elektrikoak. Era berean, udal araudia indarrean dagoen legedira ere egokitzea da gure asmoa” adierazi du Ainhoa Salterain, alkateak.

Ordenantza honen onarpena, beraz, Amorebieta-Etxanoko Udalak mugikortasun jasangarri eta arduratsuaren alde duen konpromisoaren emaitza da. Zentzu horretan, Udalak bizikleta eta patinete elektrikoen erabilera segurua sustatu, zamalanetarako espazioak antolatu, mudantzak arautu eta oinezkoen guneen nahiz bidegorrien erabilera egokia bermatu nahi du, betiere, pertsona zaurgarrienen, bereziki oinezkoen, segurtasuna lehenetsiz.

Azken urteotan, nabarmen igo da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabilera (MPI), besteak beste, patinete elektrikoena. Orain arte, horrelako ibilgailuek ez zuten berariazko erregulaziorik udal-eremuan. Hazkunde horrek, baina, erronka berriak sortu ditu bide publikoetako segurtasunaren eta bizikidetzaren arloan, autoekin, bizikletekin eta oinezkoekin espazioa partekatzen baitute.

Horren aurrean, Udalak landu duen ordenantza berriak mugikortasun modu berri horietara egokitzeko eta oinezkoekin bizikidetza bermatzeko beharrari erantzuten dio. Horren harira, ordenantzak mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin lotutako berrikuntzak jasotzen ditu, baita bizikletei eta oinezkoen zirkulazioari buruzko beste neurri batzuk ere.

MPI

Ordenantza berriak mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, hala nola patinete elektrikoak, arautzen ditu, azken urteotan horien erabilera nabarmen handitu delako. Era berean, segurtasuna bermatzeko eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileekin errespetuzko bizikidetza sustatzeko baldintzak ezartzen ditu.

Arau nabarmenen artean, honakoak ezartzen dira:

  • MPI batekin zirkulatzeko, ezinbestekoa izango da zirkulazio-ziurtagiria eta ibilgailuaren identifikazio egokia izatea, indarrean dagoen estatuko eta nazioarteko araudiak ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
  • Ibilgailu hauek gehienez 25 km/orduko abiadura har dezakete, baina ezingo da espaloietatik eta oinarkoentzako guneetatik zirkulatu, espazio horiek oinezkoentzako soilik baitira.
  • MPI-en erabilera debekatuta egongo da 16 urtetik beherako pertsonentzat, eta ezinbestekoa izango da babes-kaskoa erabiltzea.
  • Ibilgailuak homologatutako argiak, txirrina eta elementu islatzaileak izan beharko ditu, eta horiek piztuta egon beharko dute ikuspen gutxiko orduetan edo eguraldi txarra dagoenean.
  • Debekatuta egongo da kaskoak edo entzungailuak jarrita zirkulatzea, baita telefono mugikorra erabiltzea edo alkoholaren zein drogen eraginpean gidatzea ere.
  • Gainera, ibilgailu hauetan bidaiariak garraiatzea debekatuta dago.

Neurri horien helburua ez da soilik MPIak gidatzen dituztenen segurtasuna bermatzea, baita oinezkoak eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileak babestea ere. Horrez gain, ibilgailu horien erabilera arduratsua sustatu nahi da, bereziki adingabeen artean, beharrezkoak ez diren arriskuak saihesteko eta Amorebieta-Etxanoko kaleetan bizikidetza segurua bultzatzeko.

Bizikletak eta oinezkoak: bizikidetza-arauak

Era berean, ordenantzak bizikleten zirkulazioa ere erregulatzen du, espaloietan eta oinezkoentzako guneetan horien erabilera mugatuz, 15 urtetik beherakoentzat izan ezik. Adin horretako zornotzarrek espazio horietan oinezkoen abiaduran zirkulatu ahal izango dute. Gainera, bidegorrien erabilera sustatzen da, ibilbide seguruagoak bermatzeko.

Oinezkoei dagokienez, monopatinen eta patinen erabilera ere arautzen da, haien zirkulazioa galtzadetara mugatuz, soilik egokitutako eremuetan. Espaloietan, berriz, pertsonen erritmoan ibili beharko dute, gorabeherak eta segurtasun arazoak saihesteko.

Neurri osagarriak: mudantzak eta bide publikoaren erabilerak

Beste berrikuntza aipagarri bat da mudantzen erregulazioa da; izan ere, halako lanak egin behar diren kasuetan, gutxienez 48 ordu lehenago eman beharko zaio horren berri Udaltzaingoari. Neurri horien helburua zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izatea da eta udal-zerbitzuen koordinazioa hobetzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top