Jeltzaleek gogorarazi dute gai horri irtenbidea emateko ikerketa bat eskatu zuela
ABADIÑO | Abadiñoko jeltzaleek bere egin dute Muntsaratzeko bizilagunen erreklamazio historikoa, aparkalekua, alegia. Aurreko legegintzaldian, EAJ-PNV alkatetzan zela, ikerketa bat enkargatu zen, gai horri irtenbidea emateko. Baina, EH Bilduk eta Abadiñoko Independiente Berriak-ek osatzen duten egungo gobernu taldeak “ez du garatu, eta horregatik jarraitzen dute inguruko arazoek”, azaldu du Mikel Garaizabal Udaleko bozeramaile jeltzaleak. “Eskatzen dugu, azterlanean jasotzen den bezala, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzea eta Muntsaratzera sartzea erraztea; horrela, aparkaleku gehiago jartzeko lekua egongo litzateke, eta abadiñarren benetako behar bati erantzungo genioke”, adierazi du. “Tamalez, EH Bilduk eta Abadiñoko Independiente Berriak, proiektua tiradera batean gordeta izan dute”, salatu du.
Aurreko gobernu-talde jeltzaleak eskatutako azterlanak aurreikusten zuen Muntsaratzen aparkatzeko balizko beharrak egiaztatzea eta identifikatzea, okupazio-maila zehaztuz eta egoiliarren ibilgailuen tipologia eta aparkalekuak sailkatuz. 2022an amaituta, dokumentuak kale batzuetan zirkulazioaren noranzkoa aldatzea proposatzen zuen, eta horri esker, besteak beste, aparkaleku gehiago sortu ahal izango ziren behar zuten guneetan, zirkulazioari eragin gabe. Hala ere, “egungo gobernu taldeak ez du inolako neurririk hartu ordutik, eta duela gutxi, EAJk agindutako dokumentua aurkeztu du batzordean, arazoari irtenbidea ematen ziona”. Udal talde jeltzaleak argudiatu duenez, “ikerketa horretan jasotzen diren neurriek zonaldera sartzea erraztuko lukete eta mugikortasuna hobetuko lukete”. “Proposamenek espazioaren erabilera optimizatzea eta Muntsaratz auzoan aparkatzeko beharrei erantzutea dute helburu”, dio Garaizabalek.