Igande honetan izango da, Txanporta plazan
ABADIÑO | Abadiñoko Udalak ilusio bereziarekin iragarri du Tokiko Produktuen eta Artisautzaren azokatik itzuliko dela. Irailaren 8tik aurrera izango da, eta hileko bigarren igandean egingo da, Txanporta plazan (eguraldi txarra egiten badu, probalekuan). Uztaileko eta abuztuko udako atsedenaldiaren ondoren, gogo eta konpromiso handiz ekin diogu berriro ekimen honi.
Merkatu hau iazko azaroaren 12an hasi zen eta indarra eta ospea hartzen joan da, bertako ekoizle, artisau, bizilagun eta bisitarientzako topagune bihurtuz. Azoka honen bidez, lehen sektorea sustatu eta dinamizatu nahi dugu, produktu freskoak eta kalitatezkoak eskainiz, baita tokiko eskuek egindako artisautza paregabeak ere.
Azokaren edizio bakoitzak formatu txikiko ikuskizun bat izango du, eguna girotzeko eta publiko guztiarentzat are erakargarriagoa egiteko. Horrela, hileko bigarren igandero, azoka ezberdin bat eskainiko dugu, sorpresekin eta bertaratzen diren guztien gozamenerako jarduerekin.
“Abadiñoko Udaletik, tokiko ekonomia bultzatzeaz gain, aisialdirako alternatiba eta erakargarritasun turistikoa eskaintzen duen proiektu hau babesten jarraitzen dugu, jende gehiagok gure herria ezagutu eta bisita dezan”, esan du Edurne Maguregi Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.