Udal arduradunek Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera herrirako proiektu batzuk errepasatu dituzte
ABADIÑO | Abadiñoko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak asteazken goizean bildu dira Udalaren etorkizuneko egoitza, eguneko zentro bat sortzeko aukera, Gerediaga-Garai errepideko segurtasuna edo Muntsaratzen autobus geltoki bat gehitzeko aukera eta gauean gaueko zerbitzua eskaintzeko aukera bezalako gaiak jorratzeko.
Landu dituzten puntuetako bi herritarrentzako zerbitzu integralari buruzkoak izan dira. Abadiñon eraikiko den adinekoen egoitzaren jarraipena egin dute bi aldeek. Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza bide onetik doa, eta 2026-2027 aldirako martxan egotea espero da. Kudeaketa Aldundiari dagokio.
Ildo horretan, gobernu-taldeak mahai gainean jarri du eguneko zentro bat sortzeko aukera. Zentroaren helburua da zerbitzu integrala eskaintzea mendekotasun-mailaren arabera egoitzako zerbitzua erabili ezin duten adinekoei. Zentro hori Traña-Matienan edo gaur egun Zelaietan itxita dagoen hotelean egongo litzateke. “Foru Aldundia eta Abadiñoko Udala elkarlanean ari gara proiektu batzuetan, eta garrantzitsua da ildo beretik lan egiten jarraitzea, herritarren ongizatearen alde lanean ari baikara”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.
Mugikortasuna izan da landutako beste gaietako bat. Udalak bi azpi-gai landu ditu: alde batetik, Gerediagatik Garairako bidearen segurtasuna, bizilagunek Udalari jakinarazi baitiote autoak azkarregi igarotzen direla; eta, bestetik, Bilbo-Elorrio autobus-linearen zerbitzua hobetzea: Udaleko kideek Muntsaratzeko geltokia gehitzea eskatu dute, Durango-Elorrio zerbitzua larunbat gauetan eskaintzea eta aste barruan 8: 00etan Muntsaratz eta Zelaietatik Traña-Matienako instituturaino zerbitzua indartzea.