Mankomunitateak, zerbitzuaren bultzatzaileak, 60.000 euroko partida erreserbatu du
ABADIÑO | Abadiñoko udaletxean egindako agerraldian, Mikel Urrutia alkatearekin eta Edurne Maguregi alkateordearekin batera, Otaduyk proiektuaren egungo egoeraren berri eman du. Mankomunitateko arduradunak azaldu duenez, 2023. urtearen amaieran Mankomunitatearen gobernuaz arduratu zirenean, proiektua asmo bat baino ez zen. «Espektatiba batzuk sortu zituen proiektu bat jaso genuen, baina ez zegoen ezer. Asmoak bakarrik. Ezer ez. Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailearekin eta Abadiñoko udal ordezkariekin bildu ginen gaia sakon ezagutzeko eta ahal zen neurrian bideratzeko “.
Aurten, Mankomunitatea, baieztatu dutenez, proiektua sendotzeko urratsak ematen aritu da eta Otaduyk egungo egoera zehaztu du:
1.- Eguneko Arreta Zentroa beharrezkoa da, eta Mankomunitateak argi dauka Eguneko Arreta Zentro hori Abadiñon egingo dela.
2.- Proiektua sendotzeko, emango den zerbitzuaren araudia prestatu da, eta alderdi politiko guztiei helarazi zaie.
3.- Mankomunitateak bi batzorde egingo ditu alderdien ekarpenak jasotzeko eta, ondoren, behin betiko araudia onartzeko abenduko osoko bilkuran.
4. – Abadiñoko Eguneko Arreta Zentroaren erabiltzaile izan daitezkeenen garraio-aukerak eta -kostuak aztertzen ari gara.
5 – Araudia onartu ondoren, urte hasieran zehaztuko dira zerbitzuaren kontratazioa abian jartzeko pleguak, eta esleipen publikoa egingo da.
6 – Abadiñoko Arreta Zentroak 2025eko lehen seihilekoan funtzionatuko du, aurreikuspenak betetzen badira.
Mikel Urrutiak eta Edurne Maguregik esan dute proiektua nahi baino motelago doala, urte amaierarako martxan egotea espero baitzuten, baina argi dute gauzak ondo egin behar direla. «Guk beharrak aztertzen ditugu, proiektuak elkarlanean lantzen ditugu eta gero urratsak ematen ditugu, ez baita zilegi, aurreko agintaldiaren amaieran gertatu zen bezala, udal-hauteskundeen atarian, ezer landuta izan gabe, Eguneko Arreta Zentroa berehala irekiko zutela eta hauteskunde-garaia igarota ezer aurreratu gabe desagertzea. Iazko maiatzeko hauteskundeetatik, urrian Mankomunitatearen legealdi berria hasi arte, nahiz eta Mankomunitatetik saiakera batzuk egin genituen, ez zuten batere lanik egin».
Udal ordezkariek adierazi dute Abadiñon Eguneko Arreta Zentroa eraikitzea oso albiste ona dela, eta proiektu hori gauzatzeko Udalak zegozkion lanak egin dituela, zerbitzua arrakastaz eman ahal izateko azpiegitura egokia izateko lanak 2023ko irailerako amaituta baitzeuden.