DOT Durangaldea

Abadiñok administrazio jarduera nabarmen hazi du eta plantilla indartu du zerbitzua hobetzeko

Hainbat arlotan lan dinamika handiagoa dela erakusten duten zenbait adierazleren
inguruko balantzea egin du Udalak

Abadiñoko pleno baten artxibo irudia

ABADIÑO | Udal kudeaketaren balantzea Abadiñon. Udalak azken urteetako (2022, 2024 eta 2025) funtzionamendu datu nagusien azterketa xehea aurkeztu du. Emaitzek administrazio jardueraren hazkunde handia erakusten dute, herritarren izapide eskaeren gorakadak, sailak indartzeko langile gehiago kontratatzeak eta barne tresnak modernizatu izanak bultzatuta.

Lan bolumenaren biderkatze honi aurre egiteko, erakundeak antolaketa gaitasuna egokitu du eta 59 langile izatetik 64 langile izatera pasatu da 2025ean (bost profesional berri sartu dira plantillan), herritarren beharrei erantzun azkarragoa emateko.

Udal bulegoetako lanaren bilakaera argia da azken hiru urteotako balantzeari begiratuta:

  • Herritarren eskaerak (Sarrerak): Herritarrek aurkeztutako izapideek %42 egin dute gora, 2022ko 8.617 sarreretatik 2025eko 12.208etara pasatuta.

  • Udalaren komunikazioak (Irteerak): Udalak emandako erantzun eta jakinarazpenak %66 inguru igo dira (2.275etik 3.778ra).

  • Kudeatutako espedienteak: Hau da gehien hazi den adierazlea, ia %80ko igoerarekin. 2025ean 4.425 prozedura administratibo bideratu dira; 2022an, berriz, 2.469 izan ziren.

  • Dekretuak eta kontratuak: Alkatetzaren dekretuak 695etik 972ra pasa dira, argitaratutako lizitazioak 12tik 16ra igo dira eta kontratu txikiak 142tik 178ra.

Lan karga handi honi aurre egiteko, Udalak Legegintzaldi Agenda jarri du martxan agintaldi hasieran. Tresna honek 170 jarduketa biltzen ditu sail guztietan banatuta, helburuak finkatzea, jarraipen zehatzagoa egitea eta sailen arteko koordinazioa estutzea ahalbidetuz.

Era berean, langileen ordezkariekin adostuta, telelanerako eta ordutegi kontrolerako ordenantza berriak onartu dira. Horien bidez, barne antolaketa malgutu eta hobetu nahi da, kontziliazioan eta administrazioaren eraginkortasunean urratsak eginez. Azpikontratei dagokienez, eraikinen garbiketa zerbitzuko langileen baldintzak hobetzeko akordioa nabarmentzen da.

Jarraipen eta zaintza mekanismoak zerbitzu externalizatuetara ere zabaldu ditu Udalak. Azken kontratazio pleguetan kontrol klausula berriak sartu dira eta zigorrak ezarri dira baldintzak betetzen ez dituztenentzat. Kontrol zorrotzago horren erakusgarri da aurten bi espediente ireki behar izan direla kontratuetako baldintzak ez betetzeagatik.

Udal gobernuak positiboki baloratu du egokitzeko egindako ahalegina, baina argi utzi dute hobetzen jarraitu nahi dutela: “Administrazioa herritarrengandik gero eta gertuago egotea da gure helburua. Planifikazioa, jarraipena eta erantzuteko gaitasuna hobetzeko urrats garrantzitsuak egin ditugu, baina lanean jarraitu behar dugu administrazioa gero eta eraginkorragoa izan dadin eta herritarrei zerbitzu hobea eskain diezaien”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top